EAJk, PSE-EEk eta PPk aurkeztu duten proposamenean diote ETAk 2011ko urriaren 20an hartu zuen erabakiaren ondoren zabaldu den garaia "ETAren desagerpen definitiboarekin" finkatu ahal izango dela. Eguerdian aurkeztu dute hiru alderdiek ebazpen proposamena. Gertatutakoa berriro gerta ez dadin zehaztu dute "arrazoi politiko bat bera ere" ezin dela jarri etika eta giza eskubideen errespetuaren gainetik.
Puntu hori giza duintasunaren aldeko konpromiso etikoan zehaztu dute: "giza duintasunarekiko, pertsonarekiko eta harengatik datozen giza eskubideekiko errespetuaren balioa, bizitza, lehenik eta behin, estatu arrazoiaren edozein zergati edo ideia politiko baino garrantzitsuagoa eta lehenagokoa da".
"Biolentziaren bidegabekeriaren aitortzea"
Printzipioen eta konpromisoen proposamenean hiru alderdiek oroimenari dagokionez adostu dute "etorkizuneko bakeak eta bizikidetzak biolentziaren bidegabekeria aitortzea" eskatzen duela, "sortutako minaren eta biktimen duintasuna aitortzea, biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea dutelarik".
Horrek iraganean bakoitzak izan duen ardura eta giza eskubideen urraketari loturiko ondorioak zehaztea eta aitortzea eskatzen duela zehaztu dute. Ebazpenean onartu dute gertatutakoaren arrazoien inguruan interpretazio bat baino gehiago izan daitezkeela, baina aurreratu dute hobe litzatekeela ezberdinen artean partekatutako akoridio bat lortzea.
"Ahalegina"
Ares PSE-EEkoa pozik agertu da EAJ, PP eta PSE-EEren arteko akordioarekin. ”Joan den legealdian bake lantaldean elkarrizketaren eta adostasunaren alde egindako ahalegina jasotzen du”, esan du. Arantza Quiroga PPko parlamentaria harro agertu da akordioaz: "Desberdinen arteko akordioa da. Oinarri etiko eta demokratikoan bat egiten dugu hiru taldeok. Egin dugun ahaleginak merezi izan du".
Laura Mintegi EH Bildukoak esan du erdibideak ez dituztela erraztu, baina gaineratu du horrek ez duela bere taldea kikilduko: "EH Bilduk bakearen alde egin du apustu irmo eta sendoa". Gorka Maneiro UPDkoak, berriz, etsigarritzat jo du ebazpena, haren hitzetan, ez duelako ETA aipatzen.
EH Bildu: "Gatazkaren ondorioei modu ordenatuan heldu behar zaie"
Euskal Herriko gatazka politikoari buruzko saio monografikoa goizean hasi da Eusko Legebiltzarrean. Talde guztiek parte hartu dute EH Bilduk proposatutako ekinbidean. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak hasi du saioa. Gatazka politikoari buruzko eztabaida egitearen arrazoiak azaltzeari ekin dio: ”Gatazka diskurtso batetik konponbide diskurtso batera pasatzeko beharra dugu. Zauriak errekonozitzeko eta batez ere emeki-emeki sendatu ahal izateko”.
Arzuagak azaldu duenez, "bortizkeriak lau motatako ondorioak" eduki izan ditu, lau kategoriatan banatuta: "ETArenak, estatuaren terrorismoarenak, euskal preso politikoak eta estatuaren presoen falta”. ETAren biktimei dagokienez, Arzuagak esan du EH Bilduk biktima horiek aitortu eta errekonozitzen dituela. Estatuaren biktimei dagokienez, estatuak erabat ”ezkutatu” dituela uste du.
"Argazki osoa"
Hirugarren kategoria ere aipatu du Arzuagak: euskal preso politikoena, eta horiek pairatzen duten ”salbuespenezko kartzela politika”. Laugarren kategorian, estatuaren estrategiarenak leudeke, ”inpunitate” osoz jardun dutenak, Arzuagak dioenez. Gatazkaren ondorio guztiak konpontzearen beharra aldarrilkatu du Arzuagak. "Argazki osoa" behar dela esan du.
Konponbidearen ardatzak hiru dira EH Bildurentzat, Arzuagak dioenez: "Iragana, oraina eta etorkizuna". Iraganaz esan du ezin dela "gertatutakoa desitxuratu": "Gatazkak oinarri eta ondorio politikak izan ditu, eta horiexek konpondu behar dira". Orainaren inguruan, berriz, uste du "bortizkeria guztiak eta inposizio guztiak desagertu" egin behar direla. Etorkizunari begira, ”ez errepikatzeko bermeak eta egitasmo politiko guztiak egingarriak izan behar dira".
UPD: "ETAko presoak politikoak direla diotenek ETA justifikatzen dute"
Arzuagaren ondoren, UPDko Gorka Maneiro hasi da hizketan. "Zinismo politikoa" izatea eta ETAren biolentzia justifikatzea egotzi dio EH Bilduri. Maneirok Alderdien Legea sutsu defendatu du. Amaiur, Bildu, EH Bildu eta Sortu legezkoak direla baina ez direla ”demokratikoak”. Haiekin hitz egitea eta akordioak lortzea ”akats larria” dela dio. Espainian ez daude preso politikoak, Maneirok dioenez: ”ETAko presoak politikoak direla diotenek ETA justifikatzen dute”.
Maneirok bederatzi ebazpen aurkeztuko dituela iragarri du. Besteak beste, horietan eskatuko du Bildu, Amaiur, EH Bildu eta Sorturen legez kanporatzea, ETAren hilketak argitzea, presoek espetxe zigorrak osorik betetzea eta egungo espetxe politikari eustea.
Antonio Basagoiti PPko buruak EH Bilduri egurra emanez hasi du hitzaldia: ”ETAren hilketen arduradunak zarete”. ETAren biktimei eskainiko die bere hitzaldia Basagoitik. Eta banan-banan hasi da ETAren biktimen izenak esaten.
PSE-EEko Rodolfo Aresek ETAren ibilbidea ”justifikatu” nahi izatea egotzi dio EH Bilduri. "Ez duzue lortuko historia berridaztea. Herri honetan gertatu den egiazko kontakizuna demokratok idatziko dugu". Urratsak egiteko eskatu dio koalizioari: ”Oraindik etxeko lanak egiteke dituzue”.
Joseba Egibar (EAJ) ezker abertzaleari mintzatu zaio: ”ETAk hildako 800 biktimari baino gehiagori buruzko hausnarketa etiko eta demokratikoa egin behar duzue, bestela badirudi politikaren aldeko apustua egin duzuela indarkeriak porrot egin duelako”.
iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, ”aukera historikoa” zabaldu du ETAk indarkeria utzi izanak, eta orain ”konfiantza” sortzea beharrezkoa da. Gizartean dauden ”mesfidantzak” gainditu behar dira bizikidetza lortzeko, lehendakariaren iritziz.