EAJk Gernikan ospatuko du sortu zeneko 120. urteurrena, datorren igandean, hilak 19. Ekitaldi nagusi batekin borobilduko dute data esanguratsu hori. Batetik, 11:00etatik aurrera, Gernikako Batzar Etxean eta Arbolaren babespean, Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek adierazpen bat irakurriko du, eta Euskal Herria osatzen duten pertsona guztiekin daukan konpromisoa berretsi eta eguneratzea izango du helburu.
Ortuzarrek euskal erakundeetako ordezkarien aurrean hitz egingo du, eta ospakizunean elkartuko dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria; Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejería; Eusko Jaurlaritzako sailburuak; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Batzar Nagusietako presidenteak; EAEko hiru hiriburuetako alkateak, eta ehun euskal udalerritatik gorako alkateak.
Ekitaldi berean izango dira EAJk Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan, Diputatuen Kongresuan, Senatuan eta Europako Parlamentuan dituen ordezkariak ere. Eguerdi partean, Gernikako Batzar Etxetik metro batzuetara, Gernikako eskola zaharretako anfiteatroan, EAJk alderdikideei eta herritarrei zuzendutako ekitaldi politiko irekia eskainiko du.