EAJk adierazi du ez duela «zaborren diktadurarik» nahi

Alduntzin hondakinen planifikazioa aurkeztera behartzeko ekimen bat aurkeztu dute batzar nagusietan jeltzaleek

Mendoza, Arrizabalaga eta Ormazabal, atzo. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
EAJkpremiazko legez besteko proposamen bat aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, foru gobernuak hondakinen kudeaketaren inguruan duen plangintzaaurkeztera behartzeko. Hiru aste izango ditu, gehienez, horretarako. Gainera, hondakinen kudeaketaren inguruan pleno monografiko bat egiteko eskatu du EAJk. «Ez dugu zaborren inguruan Bilduk ezarri nahi duen diktadura onartuko. Aurrekontuak onartzeko egin genuen akordioa betetzeko exijitzen diogu. Guk, egin dugu;haien aldetik, ordea, ez dugu horretarako borondaterik ikusi. Gainera, errespetatu egin behar dute Gipuzkoako herritarren gehiengoaren borondatea. Borondate hori batzar nagusietan ordezkatua dago», adierazi du Eider Mendoza batzarkideak.

Mendozarekin batera, Carlos Ormazabal Ingurumen diputatu ohia eta Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzku Buru Batzarreko bozeramailea izan ziren EAJk atzo egindako agerraldian. Bilduk atez atekoaren alde egin duen apustuak ez duela zaborren arazoa konpontzeko balio iritzi dio Arrizabalagak. «Eredua ez da jasangarria. Gainera, inposaketan oinarritua dago, ez elkarrizketan. Bide hori bazter uzteko eskatzen diogu. 2008an zaborren arazoa konpontzeko lortu genuen akordioa zapuzten ari da».

Arrizabalagak ez zuen zehaztu, aldundiak jarreraz aldatu ezean, etorkizunean bestelako neurririk hartzeko asmoa ote duten. «Oraindik epe barruan daude jarreraz aldatzeko».

Ormazabalek egungo foru araua defendatu zuen. «Bertan argi zehazten dira birziklatze eta balorizazio helburuak. Lortu dugu birziklatze tasa %42ra igotzea, eta gaikako bilketan puntan egotea. Teknologiaren eta ingurumenaren ikuspegitik, zaborren kudeaketan aurreratuen dauden herrialdeen parekoa da gure eredua. Ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarriena da, baita sozialki ere». Azken agintaldian bosgarren edukiontzia zabaltzeko hartutako konpromisoa ere nabarmendu zuen. «Gure eredua edukiontziena da, eta xedea litzateke errefusa ere hala jasotzea. Lazkaon bosgarren edukiontziarekin egiten ari den moduan, herritarrei txartel bat ematea litzateke bidea. Hala, herritarren intimitatea errespetatuko litzateke». Salatu zuen, gainera, aldundiak ez duela zehaztu zer egingo duen erre ezin daitekeen zaborrarekin.

Aholku batzordea

Atzo egin zuen lehen bilera, bestalde, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako Aholku Batzordeak. 45 kide ditu, eta haren zeregina izango da egun indarrean dagoen plangintzaren analisia eta ebaluazioa egitea, baita hondakinen kudeaketarako politika berriak proposatzea ere.

PSE-EEk salatu du, berriz, Bilduk bazter utzi duela Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAkokudeatzailea. «Administrazio kontseiluan eztabaidatu gabe egin du, gainera», adierazi du Denis Itxasok. «Erakutsi dute beren iritziarekin bat ez datozenak ez direla ongietorriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.