EHUren ikerketa taldeak ondorioztatu duenez, botoen %38,3 eskuratuko lituzke EAJk, botoen %23,1 EH Bilduk, %13,5 PSE-EEk, %10,3 Elkarrekin Podemosek, %8,2 PPk eta %3 Ciudadanosek.
Datuak lurraldeka aztertuz gero, Araban ikusten dira aldaketarik handienak. Lurralde horretan, EAJk lortuko luke boto gehien, eta EH Bilduk bigarren postua kenduko lioke PPri. Ciudadanosek legebiltzarrean izango lukeen ordezkari bakarra Araban lortuko luke.
Araban bezala, Gipuzkoan eta Bizkaian ere EAJ litzateke boz gehien jasoko lukeen indarra. EH Bilduk bigarren postuari eutsiko lioke bi lurralde horietan. PSE-EEk hirugarren postua mantenduko luke Bizkaian, eta Gipuzkoan aukera izango luke Elkarrekin Podemosi aurrea hartzeko.
Elkarrekin Podemosek eta PPk indarra galduko lukete hiru lurraldeetan.
Ikerketaren arabera, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa lortuko lukete. Parte hartzea ia %60 izango litzateke.
Euskobarometroaren taldeak 1.200 elkarrizketa egin zituen —400 lurralde bakoitzeko— urriaren 15a eta azaroaren 9a bitartean. Ikerketak %95eko konfiantza maila du eta laginaren errore maila %2,82 da.