Aldaketa izango da Gasteizko Udalean. Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeen ostean, Gasteiz zen oraindik alkatetza norentzat izango den argitzeko zegoen hiriburu bakarra. Eta udalbatzak osatu bezperan argitu da hori.
Udal hauteskundeetan, 27 zinegotzitik bederatzi eskuratu zituen PPk Gasteizen, eta EH Bildu izan zen bigarren indarra, sei zinegotzirekin. EAJk bost ordezkari lortu zituen, eta PSEk, berriz, lau. Miren Larrion EH Bilduko hautagaia prest agertu zen bere hautagaitza ez aurkeztu eta koalizio subiranistaren sei botoekin Urtaran jeltzalea babesteko, eta zalantza zen EAJk bere hautagaitza aurkeztuko ote zuen.
Hori horrela, bi ziren aukerak; Urtaran aurkeztuta, hark EH Bilduren eta PSEren babesa izatea eta, horrela, gehiengo osoa lortzea, edo EAJk hautagairik aurkeztu ez, eta Marotok gehiengo soila izanda alkate gisa jarraitzea. 18:00etan egin du bilera EAJk, eta hainbat hedabidek iragarri dute bertan hartutako erabakia: Urtaran alkatetzarako aurkeztea. Ondoren eginiko agerraldian, Xabier Agirre EAJko Arabako buruak esan du Marotok ez duela "sinesgarritasunik". Elkar ulertzeko haren "gaitasun eza" kritikatu du, eta gaineratu horrek aldaketari ateak ireki dizkiola.
Urtaranen hautagaitza aurkeztea PSErekin adostuta dagoela dio Agirrek. Akordioa beste alderdiei irekita dagoela azaldu du.
— edurnebegiristain (@ebegiristain) June 12, 2015
PSErekin koalizio gobernua osatzeko asmoa du EAJk Gasteizen, Agirrek azaldu duenez. Halaber, eskerrak eman dizkio EH Bilduri, erakutsitako "eskuzabaltasunagatik".
Diputazioaren inguruko zalantzak uxatuta askatu dute Gasteizko mataza. EH Bildu prest agertu da Arabako Foru Aldundirako EAJren zerrendaburu Ramiro Gonzalezen hautagaitza ez oztopatzeko. Hori horrela, nabarmendu dute jada ez dagoela aitzakiarik Javier Maroto Gasteizko alkatetzatik kentzeko. Izan ere, jeltzaleak prest agertu ziren Gasteizko Udalean aldaketa ahalbidetzeko, baldin eta EH Bilduk Arabako Foru Aldundian egonkortasuna bermatzen badio Ramiro Gonzalez EAJko hautagaiari.
Hamasei urteren ondoren, EAJ Gasteizen
Jose Angel Cuerdak 1999an alkatetza utzi zuenetik, hamasei urtez ez du gobernatu EAJk Arabako hiriburuan. Haren ondoren izan zen alkate Alfonso Alonso (PP), eta gero Patxi Lazkoz (PSE). Marotok (PP) ordezkatu zuen Lazkoz 2011n.
Hain zuzen, Cuerda izan da hauteskundeen ondorengo protagonistetako bat. Hark eta beste hainbat lagun ezagunek adierazpen bat argitaratu zuten, publikoki eskatuz ken ziezaiotela alkatetza Marotori.
Gasteiz eta Arabakoa argituta, EAJren kolorea hartu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru diputazioek eta hiru hiriburuetako udalek. Gainera, Nafarroako foru gobernuaren buru izango den Geroa Bai koalizioaren parte da EAJ. Bestalde, aurreko legealdiarekin alderatuta, alkate, ahaldun nagusi eta presidente aldaketa izango da Hego Euskal Herriko herrialde eta hiriburu guztietan.