Burua eta lehentasuna Eusko Jaurlaritza berreskuratzeko helburuan jarria badu ere, EAJk ez du oraindik Lehendakaritzarako hautagaia aukeratzeko prozesua abiatu. Asteburuko lurralde batzarren ostean, atzo bildu zen lehenbiziko aldiz EAJren Euzkadi Buru Batzar berritua, baina apirilaren 8ko Aberri Egunaren prestaketa izan zuten hizpide nagusia. EAJren barneko iturriek berri agentziei esandakoaren arabera, Aste Santuaren ondoren ekingo diote Eusko Legebiltzarrerako hurrengo bozetarako hautagai nagusia aukeratzeko egitekoari.
Orduan hasiko da barne hauteskunde prozesua, hilabete eta erdi inguru iraungo duena. EBBk hautagai bat proposatuko die militante jeltzaleei, eta haiek, batzokietan buruzagitzak proposatutako hautagaiaren inguruan iritzia emango dute, eta beste hautagai bat aurkezteko aukera ere izango dute, prozesuaren lehen itzulian.
EBBko lehendakari Iñigo Urkulluk du Lehendakaritzarako hautagai jeltzale izateko aukera gehien, eta, beste izen batzuk ere aipatu diren arren, orain EAJn ez dago Urkulluk kanpora begira duen protagonismoaren mailara iristen den inor.
EBBko lehendakariak berak ere ez du bere balizko hautagaitza baztertu; hura lehendakarigai hautatuko balute, EBBn duen kargua utzi egin beharko luke, ordea. Horixe litzateke Urkullu lehendakarigai ez izendatzeko pisuzko arrazoia, hura EBBko lehendakaritzan ordezkatzeko adostasun handiko hautagaia aurkitu beharko bailukete.
Arabako egoera
EBBk atzo egindako bilera lehenbizikoa izan zen EAJren organo gorena erabat berritu denetik. Iragan asteburuan egin ziren lurralde batzarretan, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako EAJko lehendakariak aukeratu zituzten, eta astebete lehenago, berriz, Ipar Buru Batzarrekoa.
Gainontzeko lurraldeetan aukeraketa prozesuak gorabehera handirik izan ez ziren arren, Arabakoak oraindik zer esana ematen du. Xabier Agirrek ozta-ozta lortu zuen ABBko lehendakari izatea, eta ABBko beste kideen aukeraketak luze jo zuen, bakar batek lortu baitzuen gehiengo absolutuaren galga lehen bozketan iragatea. Gainontzekoek biedo hirubozketa behar izan zituzten.
Agirrek berak atzo onartu zuen asteburuko bilera luzea izateaz gain «tirabiratsua» izan zela. Gainera, ABBko hamalau kideen artean bederatzi Iñaki Gerenabarrena lehendakari ohiaren zerrendakoak dira. Horregatik, Agirrek onartu zuen ez daukala gustuko izango zukeen taldea ABBn. Gainera, azaldu zuen, bilera hartatik ordezkari batzuk «haserre» irten zirela, burukideen hautaketan «ez zelako militanteen mandatua bete», eta larunbateko batzarra inpugnatzeko «eskubidea eta ahalmena» badutela ere gogorarazi zuen. «Lehendakari gisa», ordea, «eztabaida horretatik kanpo» geratuko dela gaineratu zuen.
EAJk Aste Santuaren ostean hasiko du lehendakarigaia hautatzeko prozesua
Lurraldeetako zuzendaritzak berritu ondorengo lehen bileran, Aberri Eguna prestatzen hasi da EBB
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu