Autogobernua ongizatearen estatuari eusteko bermerik hoberena dela nabarmendu du EAJko Bizkaiko zerrendaburu Josu Erkorekak Bilboko Zorrotza auzoanegindako ekitaldi batean. Lantegi Batuak enpresaren atarian egin ditu adierazpenak, Kongresu eta Senaturako hautagaiek lagunduta. Ongizatearen estatua izan da Erkorekak egindako hitzaldiaren erdigunea, eta arlo horretan EAJren proposamenak eta beste hiru alderdi nagusienak alderatu ditu. Zerrendaburuaren hitzetan, PPk, PSOEk eta ezker abertzaleak —ez du Amaiur koalizioa aipatu— zergak igotzea edo oinarrizko gizarte zerbitzuak murriztea baino ez dute proposatzen. «Gaiztoa bezain faltsua den dilema; kudeaketa hobetuz aukera dagoen bitartean, behinik behin». Erkorekaren ustetan, «kudeaketa publikorako gaitasunik eza» erakusten dute zerbitzu publikoetan «artaziak sartzea beste erremediorik ez dagoela esaten dutenek».
Kritikak hiru norabideetan
Hilaren 20ko hauteskundeetan lehiakide nagusi izango dituen hiru hautagaitzak gogor kritikatu ditu EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak.
PSOEri egin dizkio kritikak aurrena: «Lehenengo, Kataluniako Gobernua hustu zuten; Espainiakoak ere nekez hartuko du arnasa hemendik aurrera, eta Eusko Jaurlaritzan guk 30 urtez eginiko kudeaketa eredugarria ere suntsituko dute». PPren asmoen aurka agertu da hurrena Erkoreka. Haren aburuz, kontserbadoreek «ahal bezainbeste» gizarte zerbitzu «kenduko» dituzte, «pribatizazioen alde» ekinez. «Okerrena da gizarte zerbitzuen alorrean ditugun eskumenen parte bat zentralizatzen ere saiatuko direla». Azkenik, ezker abertzaleari programarik eta proiekturik ez izatea egotzi dio. «Gobernuan dauden lekuetan dagoeneko iragarri dute euren apustua zergak igotzean datzala».
Jeltzaleek «funtzionatzen duen eta ezaguna den kudeaketa eredua» dutela adierazi du Erkorekak. Oreka, zorroztasuna, defizitaren kontrola eta zorduntze publiko «mugatua eta produktiboa» jarri ditu EAJren kudeatzeko moduaren adibide gisa. Zerrendaburu jeltzalearen esanetan, politika publikoak «eraginkortasunez hobetu daitezke», baina «pertsona ahulenentzako aukera berdintasunari eta babesari» uko egin gabe. Hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuen garrantzia nabarmendu du, «gizarte garapenerako eta kohesiorako ezinbesteko tresnak diren aldetik». Erkorekaren iritziz, autogobernuak herritarren ongizatea bermatzen du.Horregatik eskatu du «legez dagozkigun eskumenak» EAEra ekartzea. Arlo horretan pentsio sistemaren transferentzia eskatu du hautagai jeltzaleak.
EspainiakoGorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
EAJk autogobernuaren alde egingo du, «ongizatearen sinonimo delako»
Josu Erkorekak pentsio sistemaren transferentzia eskatu du, «erretiroak ziurtatu ahal izateko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu