azpiegiturak

EAJk azpimarratu du Gipuzkoako errepide sareko diru kontuetan "garden" jokatu zuela Aldundian

EAEko Herri Kontuen Epaitegiak otsailean ebatzi zuen Diputazioak 2009an gehiegi igo zuela lan batzuk egiteko aurrekontua. Arratsaldean Batzar Nagusietan azalpenak eman dituzte Markel Olanok eta Eneko Goiak. Bilduk ardura politikoak eskatu ditu "EAJren kudeaketa txarragatik".

2012ko apirilaren 25a
19:01
Entzun

Gipuzkoako EAJk azpimarratu du bera Foru Aldundian egon zenean herrialdeko errepideen proiektuak gauzatzean "garden" aritu izan zela beti, eta "arrazoituta" egin zituztela aldaketak.

EAEko Herri Kontuen Epaitegiak otsailean ebatzi zuen Gipuzkoako Aldundiak —EAJk eta Hamaikabatek osatutakoak— gehiegi igo zuela obra batzuk egiteko aurrekontua 2009an, eta gaur arratsaldean horri buruzko azalpenak ematen aritu dira Batzar Nagusietan Markel Olano orduko ahaldun nagusia eta Eneko Goia Azpiegituretako diputatua. Biek esan dute "gardentasunez" jokatu zutela.

Olanok akatsak ere aitortu ditu: ”Egia da proiektu geotekniko batzuetan huts egin zela”. Antzekoa esan du Goiak: "Gipuzkoan oso ohikoak izaten dira arrazoi geoteknikoak. Ez da harritzekoa gure lurraldearen ezaugarriak ikusita”.

Errepideen arloan Diputaziotik egindakoa defenditu dute EAJko kideek. ”Azken urte hauetan benetako balentria egin dugu Gipuzkoan. Errepide sare moderno eta eraginkorra dugu”, adierazi du Olanok, eta horrek herrialdeko alor ekonomikoari onurak sortu dizkiola uste du.

Herri Kontuen Epaitegiaren ebazpenak datuok jakinarazi zituen: Eskoriatza iparraldearen eta Arrasate iparraldearen arteko AP-1 errepideko lanen kostua %52 hazi zen hasierako asmoarekin alderatuta; %53, Segura eta Zegama arteko GI-2637 errepidea hobetzekoa; eta %44, Urumeako autobidea egitekoa. Aurrekontuen igoerak aldundiak kudeatutako lanetan nahiz Bidegik kudeatutakoetan egin ziren, kontu epaitegiaren arabera.

Diputazioaren zorra 2009 amaieran 199,8 milioi eurokoa eta Bidegi errepideetako enpresa publikoarena 500 milioi eurokoa izan zela ere jakinarazi zuen kontu epaitegiak.

Batzar Nagusietako beste taldeen iritziak

Iban Asenjo Bilduko batzarkideak esan du "txarra baino txarragoa, okerra baino okerragoa" izan zela EAJren kudeaketa, eta ardura politikoak eskatu ditu.

Eneko Anduezak (PSE-EE) obren jarraipen zorrotzagoa egin beharko litzatekeela adierazi du. Iñigo Manriquek (PP) balekotzat jo du EAJkoen agerraldia. 

Rebeka Uberak (Aralar) auzitan jarri du EAJk Diputazioan zenean egindako azpiegitura politika. Bidegiren eredua ere ezbaian jarri du; esan du egokiagoa litzatekeela errepideak Aldundiak berak zuzenean kudeatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.