EAJk Diadako ekitaldi ofizialetan parte hartuko du, eta EH Bilduk, berriz, giza katean

2013ko irailaren 10a
17:21
Entzun

ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak independentziaren alde antolatutako giza katean parte hartuko du EH Bilduk. Laura Mintegi, Maribi Ugarteburu, Diana Urrea, Xabier Mikel Errekondo, Rafa Larreina, Jon Iñarritu, Maiorga Ramirez eta Pernando Barrena izango dira ordezkariak.

Koalizioko ordezkari horiez gain, EAk bere ordezkariak izango ditu. Pello Urizar izango da burua, eta ekitaldi ofizialetan eta giza katean parte hartuko dute, ERCk gonbidatuta. Kataluniako independentziari babesa azaldu zion EH Bilduk joan den larunbatean Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean egindako mugimenduetan ere.

EAJk Diadako ekitaldi ofizialetan parte hartuko du soilik. Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea izango dira alderdiaren ordezkariak.

ELAk ere Via Catalana giza katean hartuko du parte; Bartzelonako Gracia pasealekuan izango da sindikatuaren ordezkaritza. "ELAk inbidia sanoz begiratzen dio halako mobilizazio handi bati; gainera, guztiz bat dator diagnostikoarekin: estatuarekiko harremanetan ez dago inongo 'bilateraltasunik', gure agintari batzuk honetan tematuagatik ere", adierazi du ohar batean.

Halaber, Udalbiltzak iragarri zuen giza katearekin bat egingo duela Bartzelonako Sant Jaume plazan, ANCk gonbidatuta. Aralarreko kideek ere " Kataluniako herriari babesa" azaldu nahi diote, eta bihar Bartzelonan izango direla jakinarazi dute. Independentistak taldeak deituta 200 euskaldun inguruk parte hartuko dute Diada egunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.