Politika

EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek galdeketaren aldeko ekimen bateratuak antolatu dituzte urriaren 25erako

Gasteizen, Legution, Gernika-Lumon, Zornotzan, Durangon eta Urkiolan elkarretaratzeak egingo dituzte orduan, eta ekitaldia Arabako hiriburuan.

2008ko urriaren 8a
16:38
Entzun
Hainbat bilera egin eta gero, EAJ, EA, EB eta Aralar gaur ados jarri dira eta galdeketaren aldeko ekimen bateratua egingo dute urriaren 25ean. Gasteiz eta Gernika-Lumo (Bizkaia) artean elkarretaratzeak egingo dituzte, eta Arabako hiriburuan egingo dute ondoren ekitaldia. Hitza hitz izango da leloa.

Elkarretaratzeak Araban Gasteizen eta Legution egin nahi dituzte, eta Bizkaian Gernika-Lumon, Zornotzan, Durangon eta Urkiolan. Goizez, denetan. Gernika-Lumon jendearen artean 'Euskal' izena osatzeko asmoa dute, Zornotzan 'Herria', Durangon 'Bakea', Urkiolan 'Bai', Legution 'Erabakia' eta Gasteizen ere 'Bai'. Ondoren, Gasteizko ekitaldian, lau alderdi haietako ordezkariak izango dira eta agiria leituko dute, 13:00etan. Horretaz gain, galdeketaren alde egin zuten agiriari buruzko sinadurak bildu gura dituzte orduan.

Eusko Legebiltzarra hilaren 25ean zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herri kontsulta egitekoa, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak irailean debekatu egin zuen. EAJko, EAko, EBko eta Aralarreko parlamentarioek ez ezik, EHAK-ko batek ere egin zuen legearen alde ekainaren 27ko bilkuran, eta Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.