aberri eguna

EAJk "elkarbizitza, bakea eta askatasuna" aldarrikatuko ditu Aberri Egunean

Oinarrizko kontzeptu gisa aipatu ditu, gainera, "Europa, suspertze ekonomikoa, gizartearen kohesioa eta akordioak". LABek adierazi du krisiaren aurrean alternatiba badagoela eta hori eragile guztien artean eraiki behar dela.

2013ko martxoaren 27a
14:40
Entzun

EAJk "etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu du Aberri Egunaren harira egindako adierazpenean. Esparru politikorako, bi helburu zehaztu ditu EAJk: bake eta elkarbizitzaren inguruko oinarrizko adostasun bat ezartzea, eta estrategia progresibo eta integrala abian jartzea. "Egiteko hau ez da soilik alderdi politikoena edo euskal erakundeena; euskal gizartearen egitasmo kolektiboa izan behar du", adierazi du.

Europa "abiapuntua eta helmuga" dela nabarmendu du alderdiak. Haren arabera, "Euskadik dagokion aitorpena eta lekua nahi du europar egitura politiko eta sozialaren barruan". 

Eragile politiko eta sozialei "norabide berean, arduratsu" jokatzeko deia egin die. "Inork ez luke ulertuko, familiak, enpresak eta pertsonak eusteko borondatearen alde jarri diren honetan, gu gure arteko ezberdintasunetan tematzea, bakoitzak bere ahalegina eta laguntasuna eskaini beharrean".

LAB: "Badago alternatiba"  

LABek bere adierazpenean salatu du langileria eta sindikalismoa eztabaidatik kanpo utzi nahi dituztela, "krisi ekonomikoaren irtenbidea langileen bizkarrean zamatzeko helburuz". Krisitik ateratzeko, eredu ekonomikoa "berriro planteatzea" proposatu du.

Sindikatuak argi du alternatiba badagoela eta hori euskal eragileen artean eraiki behar dela. Horregatik, langileei eskatu die eskubide sozial, politiko eta ekonomiko guztien alde borroka egiteko. "Ezker politikoan kokatutako eragileei ere" igorri die mezua, "Euskal Estatua eraikitzeko Herri Estrategia bat adostu eta bultzatzeko". Azkenik, ekonomia arloko eragileei eta politikariei elkarrizketarako eta akordiorako deia egin die.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.