EAJk aitortu du 2012ko Batzar Nagusia deitu zuenetik "testuinguru politikoa erabat aldatu" dela ETAk armak uzteagatik eta, ondorioz, datorrena "aldi berria" izango dela, "aldaketa eta berrikuntzarako" aldia. Hori guztia aintzat hartuta egingo du hilaren 14an eta 15ean alderdi jeltzaleak bere batzar gorena, Barakaldon, BECen —lehen aldiz egingo du BECen—.
EAJk bere "proposamen politikoa eguneratu" egingo du. "Euskadik nazio gisa hazten jarraitu nahi dugu", dio, eta datozen urteetarako urratsak zehaztuko ditu. Esate baterako, eskubide historikoak "gaurkotu" eta erabaki eskubidea "instituzionalizatu" egin nahi ditu.
Horretarako eta "jarduera ekonomiko, gizarte kohesio eta zerbitzu publikoen kudeaketako beharrizanetarako" EAJk "gobernatzeko prest" dagoela erakutsi gura du.
Hilaren 14an txostenak eztabaidatu eta onartuko ditu —Geroa Lantzen, Euskadi, Nazioa Europan eta estatutuen erreforma—, eta EBBko zortzi burukideak hautatuko. Hurrengo egunean EBBko presidentea aukeratuko du: berriro Iñigo Urkullu, bera baita hautagai bakarra. 15ean bertan ekitaldi irekia egingo du BECen, 11:30etik aurrera.
700 alderdikidek hartuko dute parte Batzar Nagusian, alderdiaren 256 uri batzarretako ordezkariek, gaur Belen Greaves EBBko idazkariak esan duenez.
Hiru txostenei 1.500 zuzenketa aurkeztu dizkiete afiliatuek. Oraingoz, EAJk %60-70 onartu ditu, beste %20 bat transakziozkoak izan dira, eta gainerakoak batzarrean bertan eztabaidatuko dituzte.