euskal eragileen erreakzioak

EAJk eskua luzatu dio ezker abertzaleari adiskidetzearen bidea, beste eragileekin batera, elkarrekin ibiltzeko

Lokarri: "Arazo guztiak ez dira desagertu, baina elkarbizitza askoz errazagoa izango da". EAEko PP: "Albiste ona da; egoerak merezi duen mailan egongo gara". EA: "Orain arduraz jokatu behar dute eragile denek". Alternatiba: "Errealitate berriak elkarrizketa eta herritarren etengabeko parte-hartzea izan behar ditu ardatz". "Aralar: "Adierazgarria da ETAk aldebakarrekotasunez erantzun izana". ELA: "Garai politiko berri bat dakar". Confebask: "Normalizazioan ahaleginak egiteko prest gaude". LAB gaur mintzatuko da.

2011ko urriaren 21a
14:58
Entzun

EAJ: "ETAk bere eginkizun armatuaren behin betiko amaiera iragarri du. Albiste bikaina da. Amaitu da amesgaiztoa. Azkenean, hurrengo orrialdera igaro ahal izango gara. Beldurrik gabe iratzarri, eta geroari itxaropentsu begiratu. Bakearen ongi gorena hementxe bertan dugu. Euskadik lortu egin du. Euskadik bortxakeria makurrarazi du. Zorionak Euskadi! Euskadik ez dio ETAri ezer zor. ETA da Euskadirekiko zor larria duena. EAJk eskua luzatu nahi dio ezker abertzaleari, Euskadiko talde politiko eta sozial guztiekin batera, elkarrekin egin dezagun adiskidetze eta elkartasun bide hori”.

EAEko PP: "Albiste ona da ETAk iragartzea ez duela atentatu gehiago egingo. Gizartearen irmotasunari esker gertatu da. Gizartearen osotasunak irabazi dio terrorismoari. Legeak eta justiziak irabazi dute. PP egoerak merezi duen mailan egongo da beti. PPren helburua erabateko askatasuna lortzea da, hainbeste min sortu duen ETAren proiektua betirako desterratuz".

EA: "ETAren iragarpenak aro politiko berri bat irekitzen du. Erabakiak erakusten du aldaketa politikoak ez duela atzerabueltarik. Une historiko hau ardurarekin bizitzeko eskatzen dugu. Arduraz jokatu behar dute eragile politiko, sozial eta sindikalek". EAk bihar balorazio zabalago bat egingo du Gasteizen, 12:00etan.

Alternatiba: "Poz poz handiz hartu dugu ETAk gaur zabaldu duen agiriaren edukia. Heldu da garaia eragile guztiek egoera berria baikortasunez, ilusioz eta ausardiaz har dezaten gure herriari eskatu eta merezi duena emateko: indarkeriarik gabeko gizartea eta bakea. Errealitate berriak elkarrizketa eta herritarren etengabeko parte-hartzea izan behar ditu ardatz, orain garena eta etorkizunean izan nahi dugunaren gainean erabakitzeko".

Lokarri: "Ikaragarrizko zoriontasun eguna da hau guretzat guztiontzat. ETAren indarkeria iritsi da bere amaierara. Atsekabeko hainbeste urtetako biktimentzat da gure lehen oroitzapena. Euskal gizartearen lanak jaso du bere uzta. Lortu dugu. Bakerako prozesu itzulezin batean gaude jada. ETAren erabakiarekin ez dira arazo guztiak desagertzen, baina zalantzarik gabe, elkarrizketa, akordioa eta berradiskidetzeari heltzea, azken batean, elkarbizitza, askoz errazagoa izango da pertsona guztiek askatasun eta segurtasun handiagoa izango baitute".

Aralar: "Aralarrek oso modu positiboan baloratzen du ETAk Nazioarteko Bake Konferentziako deiari baikorki erantzun izana. Adierazgarria da ETAk aldebakarrekotasunez erantzun izana. Gaurko egunak Euskal Herriko historiaren etapa bat ixten du, eta irabazle eta galtzailerik gabeko bake iraunkorra eraikitzeko etapari atea irekitzen dio, elkarrizketari bide emanez. Ondorioz, euskal eragile politiko, sindikal eta sozialen, hots, herriaren esku utziaz gatazkaren konponbiderako giltza. Halaber, Espainiako eta Frantziako estatuei bide beretik joka dezaten eskatu nahi diegu, Bake Konferentziako deia aintzat hartuz".

Ezker Anitza-IU: "Egun hau historikoa da Euskal Herriarentzat. Pozik nago ETAren iragarpenarekin. Nire errekonozimendu guztia erakutsi nahi diet biktimei. Itxaropena dut egungo gobernuak egoera merezi duen erantzuna ematea eta aukera historiko hau alferrik ez galtzen uztea bakea lortzeko".

ELA: "ETAren erabakia berebiziko albiste ona da. Iragarpen hau gizarteak urte askoan adierazi izan duen borondatearekin bat dator, eta ilegalizatutako ezker abertzaleak azken aldion egin duen hausnarketari dagokion erabakia da. ELArentzat gaur oso pozik egoteko eguna da. Jarduera armatuaren amaierak garai politiko berri baten hasiera ekarri behar du, non hainbat gairi heltzeko aukera izango den. Urrats esanguratsuak egin behar dira giza-eskubideei dagokienez. Espainiako Estatuko gabezia demokratiko larriak konpondu behar dira". 

PSN: "Orain ezingo du inork esan Nafarroako etorkizuna pistolen menpe egongo dela".

Confebask EAEko enpresarioen elkartea: "ETAk erabat desagertu behar du, hori baita euskal gizarteak exijitzen duen azken pausoa. Beste eragileekin batera normalizazioan ahaleginak egiteko prest gaude. Enpresarioek terrorismoa jasan dute, eta haietako asko biktima izan dira".

Nafarroako enpresarien elkartea: "Zuhur jokatu behar dugu, honek ez duelako esan nahi erakunde terrorista sakabanatu dela, ezta armak entregatu dituela ere".

Ezker abertzalea: Ezker abertzaleak "Euskadi Ta Askatasuna erakundeak jarduera armatua behin betiko amaitzeko harturiko erabakiaren inguruko eta Euskal Herriko testuinguru politikoaren inguruko bere hausnarketa plazaratuko du" gaur (ostirala) Donostian, Miramar jauregian 11:30ean. Agerraldian "ezker abertzaleko hainbat militante erreferentek hartuko dute parte".

LAB: Berak ere gaur (ostirala) emango du prentsaurrekoa: 10.00etan Donostian, Magisteritza Fakultatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.