«Programa hau bete egingo dugu. Hitza ematen dut». Horiek esanda amaitu zuen atzo goizean Iñigo Urkullu lehendakarigaiak EAJren programa aurkezteko Sabin Etxean egindako hitzaldia. «Prozesuaren emaitza 2015. urtean aurkeztuko zaio jendeari, eta horri buruzko erreferenduma egingo da». Horixe, EAJk aurkeztutako 258 orriko programaren azken esaldia, estatus politiko berria gauzatzeko «konpromiso» gisa aurkeztua.
Bere etorkizunaren jabe den Euskadi atalean hartutako hiru konpromisoetako bat da «Euskadirentzat estatus politiko berria sortzea». Urkulluk aurkezpenean azaldu duenez, autogobernuan sakondu nahi dute jeltzaleek, eta horretarako, «indar guztien artean etorkizunerako itun berri bat» adostea proposatu dute. Programak jasotzen duenez, Eusko Jaurlaritzaren agintaritza jeltzalea bada, legebiltzarrean «autogobernuaren etorkizunari buruzko» lantalde bat sortuko du. Parte hartze prozesu bat egingo da ondoren «eredu eratzaile berriari lotutako proposamenak eta ekimenak adosteko». Legebiltzarreko lantaldeak «testu artikulatua» egin eta legebiltzarrari igorriko dio, onar dezan. 2015. urtean herritarrei aurkeztu eta erreferenduma egingo duela hitzeman du.
Krisitik ateratzeko hartu beharreko neurriei buruzko akordioa lortzen saiatzea da EAJk programaren azken kapituluan jaso duen beste konpromiso bat. Hirugarrena, «behin betiko bakea finkatzea, eta bizikidetzaren eta adiskidetasunaren aro berria hastea». Legebiltzarrean sortutako lantaldeari jarraipena ematea proposatu du alor horretan.
175 konpromiso
Beste 172 konpromiso ere jaso ditu EAJk programan, eta 610 egitasmo. Urkulluk azaldu duenez, elkarlana gordetzen da horien guztien oinarrian: «Denon beharra dugu Euskadi aurrera ateratzeko». Lehendakarigaiak kanpainan aletuko du programa, egun bakoitza gai bati eskainita.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaren hasiera
EAJk estatus berriari buruzko galdeketa agindu du 2015erako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu