EAJk ere egingo du azkenean Gernikako Estatutuaren 30. urteurreneko ekitaldirik, baina berak bakarrik eta bere erara. Hau da, ituna betetzeko eskatuko du -oraindik 40 bat eskumen igorri barik ditu Espainiako Gobernuak- eta etzi egingo du ekitaldia, Gernika-Lumon (Bizkaia) -Eusko Jaurlaritzak, igandean-. Izan ere, EAJk, Iñigo Urkullu EBBko presidenteak gaur azpimarratu duenez, "benetan sinesten" du EAEko Estatutuan.
EAJk dio zehaztu gabe duela ekitaldiaren ordua, baina 11:00etan edo 11:30ean izango dela, Batzar Etxean. Adierazpena irakurriko du Urkulluk, eta erakunde instituzionaletako eta alderdiko ordezkariak izango ditu ondoan.
Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak ehun herritarrekin ospatuko du igandean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunaren 30. urteurrena, Ajuria Enean. Herritarrez gain, erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak ere izango dira han. Jaurlaritzak jakinarazia duenez, Lopezek Estatutua goretsiko du, eta berak ere dena betetzeko eskatuko du. EAJk ez ezik, EAk eta Aralarrek ere iragarri dute ez direla igandeko ekitaldian izango.
"Jaurlaritzaren ekitaldi hori ez da koherentea eta leiala Estatutuarekin berarekin, ituna bete ez izana ospatuko duelako. Ez du konpromisorik ituna osorik betetzeko", adierazi du Urkulluk. "Ondorioz, aldarrikapena egiteko eguna izango da".
Jaurlaritzak lehendakari Jose Antonio Ardanza (EAJ) zela ere egiten zuen Estatutuaren urteurrenean ospakizunik, baina Urkulluk dio orduan "aldarrikapenarekin uztartzen" zela "ekitaldi instituzionala".
politika
EAJk Estatutua betetzearen aldeko ekitaldia egingo du etzi, itunean "benetan sinesten" duelako
Gernika-Lumon izango da jeltzaleen ekimena, Batzar Etxean, Eusko Jaurlaritzarena baino egun bat lehenago. Urkulluren ustez, Jaurlaritzaren ekitaldia "ez da koherentea eta leiala, ituna bete ez izana ospatuko duelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu