Erdibideko zuzenketa bat da EH Bilduk eta EAJk hitzartu dutena. EH Bilduren ekimenez jarri zen abian, Rebeka Ubera legebiltzarkideak gogoratu baitu lehentasunezko egitekoa dela osasun zerbitzu publikoa euskalduntzea: "Ezin dugu jarraitu orain arte bezala". Sei puntu ditu, eta Osakidetza euskalduntzeko bidean «akordio zabala» premiazkoa dela iruditzen zaielako hitzartu dituzte. Hainbat eskakizun dira. Esaterako, aurreko planaren akatsak saiheste aldera, Eusko Jaurlaritzari egutegi bat ezartzeko eskatu diote, plana «zenbateraino betetzen den» neurtzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote 2014tik aurrera hizkuntz irizpideak eskatzeko Osakidetzarekin itundutako enpresei.
Osasun zerbitzu publikoak bete beharreko kontratazio politika ere hizpide dute agirian. Lehentasunezko unitateetako kontratazio behin-behinekoa dela eta, eskatu diote Jaurlaritzari langile horiek hartzean «euskaraz jakitea lehenesteko». Era berean, enpresa hornitzaileekin harremanetan jardutean ere, horiei hizkuntza irizpideak eskatu behar zaizkiela onetsi dute.
Kontratazioarekin lotutako puntua, eta itunpeko enpresekin lotutakoa; bi puntu horiek geratu dira PSE-EEren oniritzirik gabe. PSE-EEko legebiltzarkide Blanca Roncalek Osakidetza euskalduntzeko prozesuaren «abiapuntua» zein girotan egin zen gogoratu behar dela esan du. «Ahaleginak egin behar dira, baina euskara ikasteko aukerarik izan ez duten herritarrei ezin zaizkie emaitzak laster batean eskatu», kritikatu du. Epe motzeko helburuak nekez beteko direla esan du.
«Belaunaldi berriak heltzen ez diren bitartean ez da Osakidetza guztiz euskaldun bat izango». PPko kide Laura Garridok, bere aldetik, «azelaragailua» zanpatzea egotzi die agiriaren aldeko alderdiei; Osakidetzan euskara zabaltzeko prozesuan hainbat «disfuntzio» izan direla salatu du, eta «baztertu» egin direla funtzio publikoan aritu nahi duten hainbat lagun. Euskara «inposatu» dela esan du.
Jeltzaleen izenean, PPren kritikei lotuta, Miren Josune Gorospek Osakidetza euskalduntzeko prozesua defendatu nahi izan du. «Legea betetzen du Osakidetzaren II. Euskara Planak».