EAJk eta PPk diote ez zekitela ezer; PSE-EEk asmo ilunak ikusi ditu auzia argitara ematearen atzean

2015eko otsailaren 7a
18:15
Entzun

EAJ, PSE-EE eta PPko ordezkariek goizean Radio Euskadin egin dituzten adierazpenetan esan dute ez zekietela ezer atzo Mario Fernandezek fiskalari esandakoari buruz. EAJko GBBko buru Joseba Egibarrentzat "irregularra" izan da Kutxabankeko lehendakari ohiaren eta Mikel Cabiecesen arteko harremana: "Kutxabank ez da erakunde egokiena segurtasun egoera delikatuak eta egoera profesional prekarioak konpontzeko". Egibarren ustez, Mario Fernandezek ez zuen zertan horren ardura hartu behar. EAJk ez zekiela deus esan du, "guregana ez zuen jo", baina iradoki du PPk eta PSE-EEk jakingo zutela. Gaineratu du Fernandezi laguntza eskatu ziotenek "injerentzia politiko onartezina" burutu zutela.

Arratsaldean EAJren EBBk zabaldu duen oharrean nabarmendu dute argi geratu dela EAJk ez duela inolako esku-hartzerik izan afera honetan. Eta gogor kritikatu du PPren jarrera "zinikoa, arduragabea eta hipokrita". Izan ere, alderdiaren EAEko presidente Arantza Quirogak EAJ eta PSE-EE seinalatu zituen auziaren arduradun gisa. 

PPko parlamentari Borja Semperrek, ordea, harridura agertu du alderdi politikoetako inork ez zekielako ezertxo ere ez: "Guk alderdi bezala ez genekien, eta gainera, ez dakigu PPko norbaitek halako eragiteko ahalmena zuenik ere". Bere esanetan nekeza da sinistea "ustez PPk eskatuta PSEko ordezkari bat EAJk kontrolatzen zuen erakunde batean jartzea eta, alderdiek ezer ez jakitea". Beretzat, eskaera egin duenarena baino gehiago, erabakiak hartzen dituenarena da ardura.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak "asmo ilunak" ikusi ditu auzia argitara eman dutenengan, eta afera honek, kutxen bidez Kutxabankek kontrol soziala mantentzea zaildu egingo duela deritzo. EH Bilduri zuzenduz, "zinikoa" iruditzen zaio zenbaitzuek gai honekin daukaten jarrera, "ETA existitu ez balitz ez baitzen zenbait pertsona babesteko beharrik izango". Behin behinean, Cabiecesek alderdian baja eman duela zehaztu du, eta ukatu egin du lana ez egiteagatik kobratu zuenik. Bere esanetan afera honek ez du zerikusirik PSE eta EAJren arteko harremanetan. "Mundu guztiak badaki nork agintzen duen BBK eta Kutxabanken", adierazi du EAJri erreferentzia eginez. 

UPDeko legebiltzarkide Gorka Maneirok, berriz, alderdi politiko gehienen artean, urteetan, "administrazioko postuak banatzeko ezkutuko ituna" egon dela salatu du.

Lopez, isilik

Garai hartan Eusko Jaurlaritzako lehendakari zen Patxi Lopezek ez du adierazpenik egin Kutxabankeko aferaz. JSE-Egaz Ramon Rubial kongresuan hartu du parte, Donostian. Azahara Dominguez aukeratu dute gazte sozialisten idazkari nagusi. Bertan, politika "zintzoa" eta "kristalezko poltsikoak" dituena egiteko garaia dela esan du Lopezek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.