EAJko diputatu Aitor Estebanek Espainiako Kongresuan aurkeztu duen Giza Eskubideen Planaren inguruko proposamena aurrera atera da. PPk babesa eman dio eskaerari. Ez EAJk aurkeztu bezala, ordea, PPk zuzenketak egin baitizkio atzo kongresuan Estebanek aurkezturiko legez besteko eskaerari. Proposamenak, azkenean, bi puntu izango ditu. Horietako batean, 1978ko Konstituzioaren balioa goraipatzen da: «Konstituzioa oinarrizko tresna da estatuaren erakunde guztien ekintzek, barne politikan zein kanpo politikan, giza eskubideak errespetatzea ahalbidetzeko». Bigarren puntuan, 2008an Ministroen Kontseiluak onartu zuen Giza Eskubideen Plana aztertzeko eskatzen dio Espainiako Gobernuari, alor horretan beharrezko neurriak hartzeko. Azterketa horren berri Espainiako Kongresuari eman beharko dio gero gobernuak. Guztia, 1993ko Vienako Giza Eskubideen Konferentzian Espainiak hartu zuen konpromisoa betetzeko.
Legez besteko proposamenari PPk egin dizkion emendakinen ondorioz, neurriak hartzeko eperik ez du izango Mariano Raxoi buru duen gobernuak. EAJk plana ekainaren 30a baino lehenago aurkezteko eskatu zion proposamenean; eta urriaren 1a baino lehenago neurri zehatzei buruzko programa bat martxan jartzeko, epeak zehazteko eta horretarako izango duen aurrekontuaren berri emateko. PPren ustez, aldiz, gisa horretako plan bat egitea ez da presakoa, eta ez da epe zehatzik jarri behar. «1978ko Konstituzioa bera nahikoa da, orain arte bezala giza eskubideak bermatu ahal izateko; giza eskubideen defentsan oso tresna erabilgarria da». PPk, hala ere, «konpromisoa» hartu du 2008an Ministroen Kontseiluan onartutako plana aztertuko duela eta giza eskubideetan oinarrituko den kultura bat indartzen saiatuko dela.
Nazio Batuek eskatu zuten Espainian zein Espainiatik kanpo egiten diren giza eskubideen urraketen aurkako plan bat egiteko eta garatzeko. Horretarako, EAJk «ezinbestekotzat» jo dugiza eskubideen plan bat onartzea, non parametro batzuk ezarriko diren giza eskubideen alorrean erabakiak hartzeko. Estebanen arabera, Espainiako Konstituzioa zein nazioarteko akordioak «erreferente» izan daitezke, baina oinarrizko eskubideak bermatzeko neurri zehatzak hartu behar ditu Raxoi buru duen gobernuak.
Amaiurrek, aldiz, «giza eskubideen konpromisoa islatuko duen plan bat» nahi du. Iker Urbina diputatuaren iritziz, PPren emendakina onartuz planaren izaera errotik eraldatzen da. Urbinak salatu du krisi ekonomikoa dela-etaoinarrizko hainbat eskubide urratu egiten direla oraindik: etxebizitza eskubidea eta gizarte zerbitzu duinak jasotzekoa, besteak beste. Horiez gain, beste eskubide batzuk ere zapaltzen direla gogorarazi du Amaiurreko ordezkariak: «Askatasuna ukatzen zaie kartzelan daudenei». Torturaren aurkako egunaren biharamunean, gogor salatu zituen azken 40 urteetako tortura ekintzak ere. Urbinaren iritziz, ez dira egia Carlos Divar Auzitegi Goreneko presidenteak herenegun esan zituenak —gaur egun ia-ia torturarik ez dagoela esan zuen Divarrek—; torturaren harira, Nazio Batuen Erakundeak gobernuari gomendioak egin behar izan dizkiola nabarmendu du Urbinak.
PSOEk babesa eman dio EAJren proposamenari. Baina Ramon Jauregik PPri gogorarazi dio konstituzioa ez dela nahikoa giza eskubideak betetzen direla onartzeko eta neurriak hartu behar dituela gobernuak.
EAJk eta PPk Giza Eskubideen Planari buruzko proposamen bat adostu dute
EAJren proposamenari zuzenketak egin dizkio PPk; Amaiurrek salatu du horrek plana desitxuratzen duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu