Pixkanaka argitzen ari da panorama politikoa, eta, horrekin batera, Gipuzkoako arazo nagusietako bati, hondakinen kudeaketari, nola helduko dioten agintariek hurrengo urteotan.
Gipuzkoako Foru Aldundia lortuta, Bilduk eskura izango du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren kontrola. Erakunde hori mankomunitateek eta foru aldundiak eratu zuten, 2007an, hondakinen tratamenduaz arduratzeko —bilketaz udalak eta mankomunitateak arduratzen dira—. Berez, partzuergoaren esku dago errauste plantaren finantzaketa eta kudeaketa. Eta, hala, errauste plantaren bost urteko atzerapena agintzea ere berari dagokio.
Aldundia hartuta, eta hondakinen partzuergoaren %33a ziurtatuta, erakunde horren kontrola izango du Bilduk. Izan ere, diputazioa ez ezik, bost mankomunitatetan ere izango du gehiengoa, Aralarrekin, Ezker Batuarekin eta hainbat independenterekin batera: Debagoienan, Sasietan, Tolosaldean, Urola Kostan eta Urola Erdian. Guztira, partzuergoko botoen %57 izango ditu Bilduk.
Zailago izango du herrialdeko mankomunitaterik handienaren kontrola eskuratzeko. Atzo Errenteriako udal ordezkariak aukeratu zituzten, eta, alkatetza Bilduren esku badago ere, EAJk eta PSE-EEk ordezkari bana eskuratu dute, bien botoak batuta. Juan Carlos Merino —mankomunitateko jarduneko lehendakaria— PSE-EEkoa eta Maite Peña EAJkoa izango dira Errenteriakoordezkariak. Gai «estrategikoetan» —Pasaiako portu agintaritzako karguetan, Añarben eta San Markon— bat egitea deliberatu dutela adierazi zuten udal batzarrean EAJk eta PSE-EEk, ez daudelako ados Bilduren planteamenduekin.
Bilduk ordezkariak aukeratu ditu jadanik gehiengoa ziurtatuta daukan herri zenbaitetan: Hernanin, Oiartzunen eta Pasaian, esaterako. Baina EAJk eta PSE-EEk, botoak elkartzen badituzte, gehiengoa lortuko dute Donostian, Lasarte-Orian eta Urnietan. Esanguratsua da, esaterako, Lasarte-Orian gertatutakoa. Herri horretan Bilduk eta EAJk gobernu akordioan San Markoko mankomunitatera ordezkari bana bidaltzea hitzartu zuten. EAJk atzera egin du, ordea, eta gai hori gobernuaren desadostasunen artean sartzeko eskatu du. Gauzak horrela, PSE-EEk eskura ditzake herriko bi ordezkariak San Markon. Uztailaren 11n egingo dute udal batzarra Lasarte-Orian.
Urnietan ere negoziatzen ari dira EAJ eta Bildu, aurrera begirako balizko elkarlan bat zehazteko. Alabaina, BERRIAk jakin duenez,EAJk argi utzi die Bilduko ordezkariei gai hori ez dela negoziazio mahaian egongo. Urnietan uztailaren 13 edo 14an egingo dute udal batzarra.
Donostiak du mankomunitateko ordezkaritzaren gehiengoa. Errenterian gertatutakoari erreparatuta, PSE-EEk eta EAJk ordezkari bana eskura dezakete, baina ikusteko dago PPk zer jarrera hartuko duen. Errenterian PPko zinegotzia abstenitu egin zen bozketa horretan. Gipuzkoako hiriburuan heldu den ostiralean egingo dute bozketa.
Zabortegien kontrola
Hondakinen partzuergoaren kontrola ez ezik, Bilduk zabortegia duten hiru mankomunitateen kontrola ere izango du —Sasieta, Urola Kosta eta Urola Erdia—. Horrek garrantzi handia du, errauste plantarenbost urteko atzerapena aginduz gero, zabortegi horien zeregina funtsezkoa izango delako zer azpiegitura behar diren eta non zehazten duten bitartean. Orain arteko agintarien asmoa 2014an ixtea zen, Zubietako errauste planta martxan jartzearekin batera.
EAJk eta PSE-EEk bat egin dute San Marko mankomunitatean agintzeko
Bilduk gehiengoa izango du bost mankomunitatetan eta hondakinen partzuergoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu