EAJ eta PSE-EE astelehenean bilduko dira, ekainak 3, "herri akordio nagusien" inguruan eta egoera ekonomiakoari nola aurre egin negoziatzeko. "Goi mailako eta izaera globaleko negoziazioari ekiteko lehen bilera egiteko" elkartuko dira.
Langabeziari aurre egiteko eta ekonomia bultzatzeko politikez, zerga iruzurrari aurre egiteko eta zerga sistema "bidezkoago eta eraginkorragoa izateko" neurriez eta erakunde sarea eta atxikitako sektore publikoa berrikusteaz jardungo dute.
Joseba Aurrekoetxea EAJko Euzkadi Buru Batzarreko Ekonomia arduradunak, Pilar Garcia de Salazar EBBren idazkariak, Joseba Egibar legebiltzarreko bozeramaile eta EBBko kideak eta Koldo Mediavilla EAJko Politika Instituzionaleko arduradunak osatuko dute EAJko negoziazio taldea.
PSE-EEren ordezkari izango dira, ordea, Txarli Prieto Arabako idazkari orokorra, Iñaki Arriola Gipuzkoako idazkari orokorra, Jose Antonio Pastor Bizkaiko idazkari orokorra, Rodolfo Ares Antolakuntza eta Koordinazio idazkaria eta Idoia Mendia alderdiko bozeramailea.
Bileraren helburua da aipaturiko gaien ikuspuntu orokorra adostea eta alderdietako lantaldeek gai horien inguruan egingo dituzten bileretarako metodologia eta egutegia zehaztea. 12:00etan egingo dute bilkura.