Berak aitortu bezala, EAJk lehengo igandean "emaitza txarrak" izan zituen Espainiako hauteskundeetan -117.000 boto galdu zituen 2004koekiko eta diputatu bat ere bai-, eta gaur Aberri Batzarra egin du, Bilbon. Azkeneko egunetan zuzendaritzak emaitza horiek aztertu ditu, eta gaur Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak iragarri du 'Euskadi 2020' izeneko proposamena egingo dutela udaberrian. "Hitzarmen berriztatua" izango da. Helburua: beste alderdi politikoekin akordio "politikoa" lortzea.
Proposamen horrekin egoera berrira "egokitu" nahi dute jeltzaleek, Urkulluk adierazi duenez, "alderdi gisa onartu beharra dugulako asko dugula hobetzeko". Agiri bat leitu du batzarrean, eta ez du hedabideen galderarik onartu.
Proposamena zertan mamituko duten ez du esan, baina. EAJk gaurko batzarrean ez du aipatu ere egin Juan Jose Ibarretxe (EAJ) Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren galdeketa proposamena -aste honetan hori ez duela baztertzen esan du EAJk, baita Jaurlaritzak ere-. Ibarretxek ekaina baino lehen Espainiako presidentearekin akordiora heldu nahi du -Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) izango da berriro presidente-, eta ekainean gaia Eusko Legebiltzarrera eramango du, akordioaz edo akordio ezaz hitz egiteko. Honek ere ez badio balekorik ematen, hauteskundeak deituko lituzke. Urriaren 25ean egin nahi du galdeketa Ibarretxek.
Gizarteak alderdien eta erakundeen arteko "gatazkarik" ez du nahi, EAJren ustez, eta, hala, "euskal gizarte osoa asetzeko" akordioa nahi dute jeltzaleek. "Etorkizunerako oinarria" litzateke hitzarmen hori, "esparru juridiko eta politiko berria, egonkorra".
Azken batean, gaurko "blokeoa gainditu" egin gura du EAJk proposamen berri horrekin.
Politika
EAJk 'Euskadi 2020' hitzarmen "berriztatua" aurkeztuko du udaberrian
"Euskal gizarte osoa asetzeko akordio politikoa" bilatuko duela dio, "esparru juridiko eta politiko berria, egonkorra". Jeltzaleek Aberri Batzarra egin dute gaur, Bilbon. Urkulluk ez du aipatu Ibarretxeren galdeketa proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu