EAJk ez beste alderdi guztiek Praileaitzen inguruko harrobia geratzeko eskatu dute

Legez besteko proposamen bat bideratuko da premiaz, mendi hegal osoan harrobiaren lanak eteteko. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Praileaitzen Lagunak elkarteak Praileaitz aztarnategiari eragiten dion Sasiolako harrobia geratu behar dela esan zuten atzo Eusko Legebiltzarrean.

2007ko azaroaren 22a
11:41
Entzun
Xabier Martin

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Praileaitzen Lagunak elkarteak Praileaitz aztarnategiari eragiten dion Sasiolako harrobia geratu behar dela esan dute Eusko Legebiltzarrean. EHAK talde parlamentarioaren eskaera medio izan dela atzo egindako agerraldian eraman dute mezu hori Legebiltzarrera. Oposizioak -PSE, PP, EHAK eta Aralar-bat egin du Praileaitzeko inguru guztian harrobia gera dezaten eskatzean, baita EAk ere. EB ez da batzordean egon.

Debako Praileaitz Paleolito garaiko aztarnategia arriskuan dago Aranzadiren ustez. Duela hilabete batzuk eman zuen oharra, eta legebiltzarkideek Xabier Peñalver aztarnategiko zuzendariaren eta Juantxo Agirre Aranzadiko idazkariaren ahotan entzun dute berriro tesi bera. Artearen arloko kide ugarik osatzen duten Praileaitzen Lagunak elkarteak ere askotan salatu du Jaurlaritzako Kultura sailak aurtengo udan eman zuen babes dekretuak ez duela haitzuloa behar bezala babesten eta harrobia ixteko galdegin du etengabe. Xabier Otero talde horretako bozeramaileak iritzi hori helarazi du berriro Legebiltzarrean.

Irizpide horrekin ez dator bat Jaurlaritzako Kultura Saila, eta Miren Azkarate sailburuak garbi utzi zuen atzo. «Santutegiak eta labarretako arteak ez dute inolako arriskurik, behar bezalako babesa dute», esan zuen. Are gehiago, Azkarateren ustez, «hainbat eskaerak ez dute oinarria labarretako artearen babesean, beste hainbatetan baizik».

Alabaina, Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioek, EAJkoa salbu, ez dute aztarnategiaren babesa garbi ikusten, eta Aranzadiren eta Praileaitzeko Lagunak elkartearen irizpideekin bat egin dute. PSE, PP, EHAK, Aralar eta EA alderdiek Praileaitzeko mendi hegal osoan Sasiolako harrobiaren jarduera geratzea nahi dute, haitzuloaren ingurunean leherketak eta bestelako lanak bertan behera uztea, alegia.

«MARGOENTZAT EZ DAGO ARRISKURIK». Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatutako ikerketa sakonaren emaitzak jakitera eman arte, behin-behineko neurria izango litzateke hori, Debako bide zaharretik hasi eta harrobiaren sarrera arteko mendi hegal osoan lanak etetea, alegia. Eremu hori guztia da erabateko babesa behar duena Xabier Otero Praileatzeko Lagunak elkarteko kidearen ustez. Oterok kazeta honi esan dioenez, «legez besteko proposamena premiaz bideratuko dute talde parlamentarioek, babes eskaera hori Eusko Legebiltzarrean bozka dadin aurki». Haren ustez, Azkarateren hitzaldia «gatzgabea» izan da, «eta garbi utzi du Kultura Sailaren bakardadea».

Miren Azkaratek bi ordu baino gehiagoko hitzaldian Praileaitzeko aztarnategiaren inguruko dekretuaren alde teknikoak azaldu ditu, eta, besteak beste, esan du harrobiaren jarduera bertan behera uztea ez dagoela justifikatuta, «labar margoentzat ez dagoelako arriskurik». Sailburuarentzat dekretua «eraginkortasuna» erakusten ari da. Leherketak direla-eta margoak desagertzeko arriskua «ez dago», harentzat.

PRAILEAITZ, MARGOAK BAINO GEHIAGO. Aranzadik, ordea, oso bestelako iritzia dauka, eta azken hilabeteak haitzuloan indusketa lanetan izan den Xabier Peñalberrek argi utzi du hori. «Praileaitz margoak baino gehiago da. Han egin ditugun beste aurkikuntzen berri eman diet, tartean duela 15.500 urte, Madeleine aldiko xaman bat izango zenaren lepokoak eta beste hainbat objektu, denak ere erritualetarako erabiliak». Eta ez du ikusten haitzulo-aztarnategi osoa babesturik dagoenik. «Ez dakigu haitzuloaren adarrak noraino heltzen diren ere; beraz, nola jakin noraino babestu behar den 50 metroko babes neurri horrekin?», galdetu du. Are gehiago, kobazuloan «pitzadurak» eta «hezetasuna» ere sumatzen direla dio. «Alegia, ez da bakarrik margoen kontua, eta horretan ez da sartu Azkarate, ezta aztarnategiaren ingurunearen babesean ere». Xabier Peñalver «gustura» geratu da talde parlamentarioengandik jasotako erantzunarekin, «gauza asko» azaltzeko aukera izan duelako. «Esan diet oraingo dekretu honekin haitzuloko mendi hegal guztia suntsitu egingo dela, eta ingurune horrek aztarnategia interpretatzeko zer-nolako garrantzia duen ere bai».

Praileaitz I haitzuloa 1983an aurkitu zuten aro modernoan. 1997an ustezko balio arkeologikoaren eremua izendapena eman zioten, urte askotako gorabeheren ondoren. Handik hiru urtera Sasiolako harrobiaren eremuan dagoela-eta eraginen ikerketa bat egin zen, eta enpresak hura ez kaltetzeko konpromisoa hartu zuen. Aztarnategia hustea, eta gero harrobiak hura desagerraraztea zen ideia.

Lau urteko indusketetan, ordea, besteak beste, Madeleine aldiko lepokoak aurkitu zituzten eta aztarnategiaren garrantzia bistan geratu zen. Praileiatz II-rekin gertatutakoa -harrobiak desagerrarazi zuen koba hura- saihestu behar zela adostu zuten eragile guztiek. Iazko abuztuan duela 18.000 urteko margoak aurkitu zituzten, eta horrek berezko babesa eman zion. Ondare Kulturalaren izendapena lortu zuen 2006ko abenduan.

Azken urteetan, baina, Sasiolako harrobiak bere ingurune guztia desagerrarazi du, eta egoeraren aurrean Kultura Sailak babes dekretua atera zuen uztailean, besteak beste, erabateko babes eremua haitzulotik soilik 50 metrora mugatuz. Dekretu horrek ika-mika handia piztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.