konpoNBIDEARI BEGIRA

EAJk ez du onartu Sortuk gatazkaren ondorioez aurkeztutako dokumentua

Andoni Ortuzarrek uste du "atzerapauso kezkagarria" dela ezker abertzaleko alderdiaren jarrera. Sortuk dio egoera politikoak "guztiok konpromisoak hartzea eta arduraz jardutea" eskatzen duela, "ez gainontzekoei etxeko lanak exijitzea".

2015eko martxoaren 11
08:55
Entzun

EAJk gaur iragarri du baztertu egin duela Sortuk duela egun batzuk aurkeztu zion Gatazkaren konponbiderako bide orria dokumentua, idazkeran eta edukietan nahikoa ez delakoan. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak "atzerapauso kezkagarritzat" jo du ezker abertzalearen jarrera. Ortuzarrek berak jakinarazi dio Hasier Arraiz Sorturen Kontseilu Nazionaleko buruari EBBren ezezkoa. 

EAJk "arretarekin eta jarrera eraikitzaile batekin" aztertu du idatzia, Europa Press berri agentziak jeltzaleen iturriak aipatuz dioenez, "baina ez da bi alderdien arteko akordiorako oinarriak jartzeko balekoa". 

Alderdi jeltzaleak azaldu du Sortuk idatzia hiru ardatzetan jaso izana "egokia" dela iruditzen zaiola — armagabetzea eta desmilitarizazioa; espetxe politika; eta egia, justizia eta memoria—, baina uste du edukietan haratago joan beharra duela.

Sortuk gauean ohar bat atera du erantzuteko. Salatu du hedabide publikoen bitartez jaso izana EAJren ezetza, baina, akordioaren beharra dagoela sinestuta, lanean segitzeko prestasuna berretsi du. "Egoera politikoak guztiok konpromisoak hartzea eta arduraz jardutea eskatzen du, ez gainontzekoei etxeko lanak exijitzea. Zentzu honetan, ezker abertzalea EAJk nahi duen posizio eta terminologiara eramatea ez da akordioa, inposizioa baizik", esan du Sortuk.

Elkarrizketei eustea da Sorturen borondatea, oharrean dioenez. Desadostasunak desadostasun, "Sortuk ez du gatazkaren ondorioei konponbidea emateko jardunean etsiko, egun ematen diren eskubide urraketa larriek urgentziazko neurri eta konpromisoak eskatzen dituztelako".

Horregatik, elkarrizketa eta akordio politikoa bidea direlakoan, EAJrekin elkarrizketa politikoan segitzeko borondatea berretsi du.

Bi alderdiek 2013ko uztailean ekin zioten elkarrizketa iraunkorrari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.