Markel Olano EAJko Gipuzkoako batzarkideak ezezkoa erantzun dio PSEri. Bideo batean azaldu duenez, EAJk ez luke "maniobra horretan" parte hartuko, "legealdi hasieratik" esan baitzuen jeltzaleek ez dutela "Bilduren aurkako fronteetan" parte hartuko. "Herriak eman dien agintea herriak berak kendu behar die", esan du. iñigo Urkullu lehendakariak gaineratu du "egonkortasun instituzionala" behar dela.
Agerraldi bat egin dute gaur Rafaela Romero eta Julio Astudillo PSE-EEko batzarkideek, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren aurkako zentsura mozioa "idatzia" duela iragartzeko. Oposizioko gainerako alderdiei mintzatu zaie Romero. "Lan gehiago eta kritika gutxiago" egiteko eta zentsura mozioarekin bat egiteko eskatu die. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eztabaidatu dezaten, hamabost batzarkideren babesa behar du mozioak; hamar ditu PSE-EEk, lau PP eta hamalau EAJk. Beraz, ezingo dute eskaera erregistratu.
Romeroren hitzetan, foru gobernuak "huts" egin die gipuzkoarrei, eta herrialdearen egoera "benetan larria" dela gaineratu du. Diputazioak "ez die batzar nagusiei entzuten" eta "inposizio eskemei" eta "iraganeko jarrerei" eusten die, haren arabera.
Zaborren kudeaketa jarri du adibide gisara. Gipuzkoako Batzar Nagusiei "entzungor" egitea eta hondakinak kudeatzeko planaren alternatibarik ez izatea egotzi dio Garitanori.
EH BIlduren erantzuna
Sozialisten proposamenak "ez du ez hanka ez buru" EH Bilduko Ainhoa Beolak esan duenez. "Zentsura mozioaren erabakia hain justu dator Berrikuntza diputatuaren gaitzespena erretiratu ondoren, eta Gipuzkoan PSEk erraztutako aurrekontuak indarrean dauden bitartean".
"Gipuzkoarrek eskatzen eta behar dutena dira EH BIlduren gida, eta horrelako eztabaida antzuek ez gaituzte geldiaraziko, komunikabideen hainbat lobby-etatik, patronaletik edo zuzenean Madriletik etorri arren".
Sozialistak erabakitzeko eskubidearen "erabat kontra" egonda, "serioak izateko sortu diren akordiotarako ez du gaitasunik". Horregatik dei egin die "lurraldeko eragile guztiei, EAJ barne, "Euskal Bidearen aldeko apustua" egiteko.
PP PSE-EErekin, "baldintzarik gabe"
PPko batzarkide Juan Carlos Canok iragarri du "baldintzarik gabe" babestuko duela PSEren zentsura mozioa. Edonola ere, PPk lau batzarkide izanda, bat gehiago beharko lukete mozioa erregistratu ahal izateko. Cano "pozik" agertu da PSEk "bere" egin duelako PPk Garitanoren aurkako zentsura mozio baten aurrean izan duen jarrera, baina gaineratu du "lanak" dituela "PSEren noragabeko politika" ulertzen.