Lehen indar bilakatu da alderdi jeltzalea Gipuzkoan, 113.00 boto eta hemezortzi eserlekurekin, duela lau urte baino lau eserleku gehiagorekin, eta 32.000 boto gehiagorekin. Duela lau urte 80.000 boto jaso zituen, eta atzo ia 113.000. Lehia estua izan da EH Bilduren eta EAJren artean azken unera arte. Inkestetako joerak ez zirela betetzen ari azaltzen zuten arratsaldeko lehen datuek, jeltzaleen mesedetan, eta inkesta guztien emaitzak irauli ditu EAJk. Kontuan hartzekoa da, ordezkaritzarik lortu ez arren, Hamaikabat-ek 8.000 boto lortu zituela pasa den hauteskundeetan. Boz hauetan ez da aurkeztu, baina Hamaikabateko zenbait aurpegi ezagunek eskatu zuten jelkideen aldeko botoa.
Halaber, azken hauteskundeetan Gipuzkoan EH Bildu nagusitzen ari zen hauteskunde guztietan, eta joera hori apurtu zen atzo, jelkideen mesedetan.
EH Bilduk ia 36.000 boto eta sei eserleku galdu zituen atzo, Aralarrenak ere zenbatuta. 2011n Bilduk, 22 eserleku eta ia 120.000 boto lortu zituen; Aralarrek, eserleku bat eta 17.000 boz.
PSE hirugarren indar
Duela lau urte ez bezala, kanpainan EAJk argi utzi du, zenbakiek emanez gero, bide lagunak bilatuko dituela EH Bilduri Diputazioa kentzeko. PSE-EEk ez dio muzin egin eskaintzari, eta bere lehentasunen artean EH Bildu Diputaziotik egoztea zegoela argi azaldu du.
PSE-EEk 1.000 boto gutxiago lortu zituen atzo, baina, inkestek ziotenaren kontra, eutsi zioten pultsuari eta ia bere horretan mantentzea lortu zuten. Sozialistak hirugarren indar dira, eta bederatzi eserleku lortu dituzte. Zenbakiek ematen diete: 27 eserleku dituzte EAJk eta PSE-EEk. Gehiengo osoa dute Markel Olano jelkideak eta Denis Itxaso sozialistak beraz. Gipuzkoa gobernatzeko eredua aldatzeko giltza izango dute, EH Bilduko Xabier Olanoren kaltetan.
Zenbakien eguna zen atzokoa, eta gaurtik aurrera ikusiko da akordioak zertan zehazten diren, baina zantzu guztien arabera, EH Bildu ez da Foru Aldundian agintean izango, PSE-EEk eta EAJk ez baitiete akordioei bidea itxi kanpainan, ez bakarrik aldundian, baita zenbait udalerritan ere.
Podemos Ahal Dugu indartsu sartu da, sei eserlekurekin. Baina ez du giltzarik gobernu eredu baten edo bestearen alde egiteko.
PP amildu egin da. Lau eserleku lortu zituen duela lau urte, 76.868 botorekin. Atzo berriz, 18.488 zituen. Ciudadanos, UPD eta Irabazik ez dute ordezkaririk lortu.
EAJ nagusi Donostian, 28 urteren ostean
Gipuzkoan bezala, jeltzaleen zerrenda nagusitu da hiriburuan ere; 29.029 boto eskuratuta, lehen indarra izan da EAJ (botoen %29,65 lortu ditu). Hala, ezusteko handirik ezean, ia ziurtzat jo daiteke Juan Karlos Izagirreren lekukoa hartuta Eneko Goia izango dela Donostiako alkate berria. 28 urte dira jeltzalerik ez zela alkatetzara iristen —Ramon Labaien izan zen azkena, 1983tik 1987ra bitarte—.
PSE-EE izan da bigarren indarra hiriburuan, 24.007 botorekin (%24,52), eta hirugarren indarra izatera pasa da EH Bildu, aurreko hauteskundeetan Bilduren zerrendak baino mila boto pasatxo gutxiago jaso baditu ere, portzentualki lau puntu inguru gutxiagoko babesa lortu du —21.110 boto lortzetik 20.467 jasotzera igaro da, eta hala, %24,96ko babesa lortzetik %20,91 izatera—.
Udal gobernuan aldaketa izango da, beraz. Zortzi hautetsirekin agintean izatetik, sei zinegotzi izatera pasako da EH Bildu koalizioa. Jeltzaleek, berriz, boto kopurua ia bikoiztuta eta bederatzi hautetsirekin hartuko dute aginte makila, 2011ko udal hauteskundeetan lortutakoak baino hiru gehiago. Orain lau urteko bozetan laugarren indarra izan ziren jeltzaleak. PSE-EEk orain arteko ordezkari kopuruari eutsi dio, eta zazpi zinegotzi izango ditu heldu den legegintzaldian ere.
PPk, berriz, herrialdeko joerari jarraitu, eta beherakada nabarmena jasan du hiriburuan ere: 7.000 boto gutxiago jasota, orain arteko ordezkaritzaren erdia galdu du, eta sei hautetsi izatetik hirura pasa da.
Aurrerantzean indar politiko berri bat ere izango da udalbatzarrean: Irabazi Donostiak 6.947 boto lortu ditu bere estraineko aldian (babesaren %7,10), eta bi zinegotzirekin sartuko da Udalean. Beste hautagaitza batzuek, ordea, ez dute ordezkaritzarik lortu, PlaZ!, C's zein UPDk, kasu.
Herrialdean bezala, lehia estua zegoen iragarrita Donostian ere, eta litekeena da horrek hautesleak mugiarazi izana, parte-hartzea ia zortzi puntu handiagoa izan baita hiriburuan, orain lau urteko hauteskundeen aldean.
Herrietan ere aldaketa
Orain lau urte Bilduren zerrendak lortutako nagusitasuna beste indar politiko baten esku egotera igaro da hainbat udalerritan, EAJrenera kasu askotan, eta horrek gobernu aldaketak ekarriko ditu ziurrenik. Arrasate, Tolosa, Azkoitia, Zarautz, Zumaia, Beasain, Bergara, Pasaia, Lezo eta Urretxu daude horien artean, besteak beste.
Beste hainbat udalerritan, berriz, berriro ere zerrendarik bozkatuena izan da EH Bildurena, Azpeitia, Oñati, Hernani, Usurbil, Segura, Andoain, Oiartzun eta Errenterian, kasu.
Eibarren, Irunen eta Zumarragan, bestalde, PSE-EEren zerrenda izan da bozkatuena beste behin.
Parte hartze altua
Parte hartzea altua izan zen atzo udal eta foru hauteskundeetan Gipuzkoan. 550.000 pertsona zeuden parte hartzera deituta, eta 348.000k eman zuten botoa. Duela lau urte baino bost puntu altuagoa izan zen atzo parte hartzea. Botoa eman zezaketenen %64,56k jo zuten hautetsontzietara, eta abstentzioa %35ekoa izan zen; duela lau urte, %40koa izan zen. Boto baliogabeak 3.200 izan ziren.
Xabier Olano (EH Bilduko ahalgungaia): "Gipuzkoan ere aldaketa eta ilusioa gure eskutik datoz"
Markel Olano (EAJko ahalgungaia): "Egungo egoeran zilegi da bigarrenak agintea hartzea"
Denis Itxaso (PSEko ahalgungaia): "EAJk dio beste gobernu bat nahi duela; ez naiz fio Egibarrez, ordea"
Juantxo Iturria (Ahal Duguko ahalgungaia): "Unean uneko akordioen bidez eragin nahi dugu, itunik egin gabe"
Arantza Gonzalez (Irabaziko ahalgungaia): "Irabazik ez du inoren aurkako politika baztertzailerik sustatuko"