Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

EAJk finantza esparru propioa nahi du, «Euskadi garatzeko»

Erkorekak mailegu, banku eta aseguruen eskumenak eskatu ditu, enpresaburuekin izandako lan topaketan

EAJko ordezkariak eta hautagaiak, atzo, enpresaburuekin egindako bileran. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
EAJk badu egungo krisialdi ekonomiko-finantzierotik irteteko proposamen sorta. Hauteskunde progaman jasoak ditu neurriok, hazkunde iraunkorra eta enplegua sortzeko Politika Ekonomikoa atalaren barruan. Proposamen horiek xehe azaldu zizkien atzo Josu Erkoreka EAJren Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak hainbat enpresabururi, haiekin bildu baitzen Bilboko hotel batean egindako ekitaldian.

Besteak beste, azaldu zuen EAJrentzat lehentasunezkoa dela finantza esparru propioa eratzea, «Euskadiren garapenari erantzuteko». Horretarako, «gaur inoiz baino gehiago» mailegu, banku eta aseguruen transferentziak EAEra eramatea beharrezkoa dela azpimarratu zuen.

Ekonomia lehiakorrera egokitutako politika industriala, gizartearen zerbitzura dagoen finantza sistema «sendoa», ekonomiaren eta aurrekontuen egonkortasuna, Europako aginte «indartsua», eta enplegua sortzea ahalbidetuko duen lan harremanen euskal sistema propioa ere aldarrikatu zituen EAJko zerrendaburuak. Azken helburu horretan sakondu nahi izan zuen Erkorekak, bereziki: «Lan harremanetarako euskal esparrua behar dugu. Ardurak enpresaren eta langileen artean banatuko dituena eta etengabeko prestakuntzaren eta lanpostuen egonkortasunaren alde egingo duena». Halaber, enpresek euren produktu eta zerbitzuen eskariari egokitzeko «behar besteko tresnak eta malgutasuna» izateaeskatu zuen.

Gazteen lan merkaturatzea errazteko neurriak ere baditu EAJk, Erkorekak azaldu zuenez. Ikasi nahi ez dutenak baina lan egiteko prest daudenak lagundu nahi dituzte jeltzaleek, lanbide heziketa eta trebakuntza etengabea hobetzeko neurriekin. Eta «talentua» duten gazteei ere irtenbidea eman nahi diete, herrialde «garatuenetan» eta ikerketa zentro «aurrerakoienetan» bekak eskainita. Izan ere, Erkorekak ohartarazi zuen ez dutela onartuko PSOEk eta PPk gazteak «ezegonkortasunera» zigortzera.

EAJren eredua

Erkorekak uste du Espainiako Estatuak duen egoera ekonomikoa «jasanezina» dela, baina krisialdiaren ondorioak EAEn «leunagoak» badira Kontzertu Ekonomikoari eta EAJren kudeaketa ereduari esker izan dela dio. Hala, EAJren kudeaketak hazkunde ekonomikoa eta enplegua sortzen dituela azpimarratu du: «EAJ zorroztasunez kudeatzea da, gauzak seriotasunez egitea eta aldez aurretik pentsatzea».

Ekonomian egonkortasuna lortzeko aurrekontuetan orekari eustea beharrezkoa dela uste du EAJko zerrendaburuak, eta datorren legealdian norabide horretan lan egingo dutela ziurtatu du: «Ardurazjokatuko dugu krisialdi ekonomikoa gainditzeko neurriak proposatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.