Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren autogobernuaz aritzeko lantaldea sortzeko lehen pausoa eman du gaur EAJk. Estatus politiko berria helburu, legez besteko proposamen bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean. Betiere, "legearen barruan" aritzeko. Hala zehaztu du Aitor Estebanek, eta azaldu du idatzi duten zirriborroak "zabaltasun eta orokortasun nahikoa" duela lantaldean eztabaidari ekiteko. "Abiapuntua ezartzen du, eta denen artean egin beharko dugu hortik aurrerako bidea", esan du Espainiako Kongresuko jeltzaleen eledunak.
Lehen pausoa emanda, Eusko Legebiltzarrak onartu beharko du lantaldearen sorrera, eta gaur- gaurkoz, inork ez dio uko egin bertan parte hartzeari. Dena den, PSE-EEk eta PPk argi utzi dute zein den beraien muga. "Autogobernuan sakontzeko" akordioa egiteko prest daudela esan zuen atzo PSE-EEko Idoia Mendiak, betiere, "legezko esparruaren barruan"; ez, ordea, "independentziaren bidea hartzeko" bada. PPko Iñaki Oiarzabalek, berriz, ohartarazi zuen "autonomia defendatzera" joango direla lantaldera, "Euskadi Espainiaren barruan" gera dadin.
Lantaldea sortzeko asmoa aipatzean, adostasun zabala bilatu eta gaur egungo legeriatik abiatu beharra aipatu dute jeltzaleek, eta azken hitza herritarrek izango dutela nabarmendu dute. Estatusa aldatzeko aukera jasotzen du Gernikako Estatutuak, baita erreferenduma egitekoa ere, baina Espainiako Gorteen oniritzia jaso ondoren. Estatus berriak gaur egun indarrean den estatutuak izandako "adostasun antzekoa" izan beharko duela adierazi zuen atzo Mendiak ere.
EH Bilduk, aldiz, erabakitzeko eskubidea jarri zuen estatus berriaren baldintza gisa, eta Loiolako elkarrizketetan lortutako akordio zirriborroa eta Ibarretxe planaren hitzaurrea abiapuntutzat. EAJk ontzat jo zuen abiapuntu hori abendu hasieran koalizio subiranistarekin egindako bileraren ostean. Dena den, gaur emango dituzte zehaztasun gehiago Joseba Egibar eta Andoni Ortuzar jeltzaleek.
"Porroterako estrategia"
ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz, aldiz, kritiko agertu zen atzo EAJren asmoekin. Haren esanetan, "porrota" baino ezin du ekarri la taldearen bidez "adostasun zabal" hori lortzeko estrategiak, Espainiarekiko aldebikotasunean oinarritzen delako. "Zilegia da proposamena, baina Espainiak ez du nahi. Ez da posible aldebikotasunik menperakuntza hierarkikoan oinarritutako erakundeen artean", ohartarazi zuen Muñozek. Izan ere, Ibarretxe planak egin zuen ibilbidea gogora ekarrita, Espainiaren jarreran ordutik zer aldatu den galdetu zuen ELAko idazkari nagusiak. "Emaitza bera izango du".
EAJk bidea "denen artean" egiteko eta akordioan alderdi guztiak biltzeko erakutsitako jarrerak ziurtatzen du "porrota", Muñozen hitzetan. Izan ere, Euskal Herria erabakitzeko eskubidea duen nazio gisa aitortzea da gakoa haren arabera, eta ez subiranotasun bakarra Espainiarena dela diotenekin adostasun bila aritzea: "Horiekin akordio bila aritzen bazara, arazo horrek ez du irtenbiderik". Horregatik, "abertzaleak batera joatea" da irtenbide bakarra, Muñozen iritziz; Euskal Herriaren erabakitze eskubidea defendatzen dutenak ados jartzea. Kataluniako prozesuak izan duen bilakaera ikusita, haiekiko "inbidia sanoa" duela aitortu zuen, han estatutu proposamenari eman zioten erantzunetik irakaspena ateratzen jakin dutelako.