Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

EAJk herritarrei galdetu nahi die estatutu berri bat Madrilera bidali baino lehen

Langabezia %10etik behera murriztea jarri du Urkullu hautagaiak hurrengo legealdirako helburu nagusi gisa.

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaia, atzo Amurrion (Araba) egindako ekitaldi politikoan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Ivan Santamaria.
2016ko irailaren 7a
07:36
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde programa aurkeztu du gaur EAJko lehendakarigaiak, Iñigo Urkulluk, galderarik gabeko agerraldi batean. Lehentasuna enplegu "gehiago eta hobea" lortzea izango dela ziurtatu du Urkulluk. Jeltzaleek aurkeztu duten dokumentuak Eraiki Euskadi izenburua du. 231 orrialde ditu, eta alderdiaren 174 konpromiso eta 1.733 eginkizun jaso dituzte.

Erronka nagusiak definitu ditu hautagaiak. Horien artean jarri du berriro estatutu politiko berri bat onartzeko asmoa. Urkulluren arabera, "hobeto bizitzea" izan behar du oinarri proiektu horrek. Dokumentuak jasotzen du EAJk buruan lukeen bide orria. Eusko Legebiltzarrak ezarri beharko ditu autogobernua gaurkotzeko "oinarri politikoak". Behin hori eginda, Gernikako Estatutua aldatzeko proiektu politiko eta juridikoa idatziko da.

Proposamen horrek Eusko Legebiltzarraren oniritzia lortzen badu, herritarrei galdetzea planteatu du. Jeltzaleek "egokitzat" jo dute galdeketa hori egitea proiektua Espainiako Gorteetara bidali baino lehen. Gernikako Estatutuak jasotakoaren arabera, herritarrek edozein erreforma onartzea beharrezkoa da, baina azken urrats gisa aurreikusten du. Espainiako Gorteek erreforma lege organiko baten bidez onartu behar dutela ere zehaztuta dago estatutuan.

Autogobernuarekin batera, erronken artean aipatu du Urkulluk bake prozesua. ETAren "armagabetzea eta desegitea" bururaino eramatea nahi du. Puntu horretan Eusko Jaurlaritzak 2014. urteko abenduan agitaratu zuen agiria "oraindik indarrean" dagoela uste dute jeltzaleek.

"Programa bete dugu"

Programa "serio, oso eta handinahitsua" prestatu dute, Urkulluren ustez, aurreko legealdian gobernutik ezarritakoan sakontzeko. "Urte zailak izan arren, emandako hitza bete dugu. Programa bete dugu", azpimarratu du. Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoak gobernu "fidagarria" du, hautagaiaren hitzetan, eta "arduraz" kudeatzen duena.

Beste alderdi batzuei "zintzarria jotzea" egotzie die, kanpaina hastear dagoela. "Milaka funtzionario lanpostu sortuko direla entzuten ari gara. Gastu sozialak bikoiztuko direla. Dena doan eta ahaleginik gabe eskaintzen ari da", ohartarazi du. Horrekin kontrajarrita, programan idatzita datorrena beteko duten "hitza" eman du Urkulluk: "Hiru premisa jarraituz aurkezten diot neure burua gizarteari: egia, errealitatea eta lana. Lan handia, ez dago beste osagai sekreturik".

Hainbat helburu zehatz laburbildu ditu agerraldian. Langabezia %10etik jaistea nahi du. Gaur egun, tasa hori %13,9 da, Eustaten arabera. Halaber, biztanleko errenta Europako Batasunaren %125era edo industria sektorearen BPGa %25era igotzeko helburua du. Halaber, familiei emandako diru laguntzak %50 igotzeko konpromisoa agertu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.