PPk Arabako gotorlekua galduko du, EAJren mesedetan. Izan ere, EAJk irabazi ditu hauteskundeak Araban, eta eserlekuetan lehen indarra da Biltzar Nagusietan, 13 ordezkarirekin eta 34.406 botoekin. Bigarren indarra da PP, 12 eserlekurekin, eta hirugarrena EH Bildu, 11rekin. Ahal Dugu Biltzar Nagusietan sartu da, zortzi ordezkariekin. Jipoia jaso du PSEk eta bost ordezkarirekin geratu da. Bi alderdi txikik ere ordezkaritza izango dute Biltzar Nagusietan: Irabazik eta Ciudadanosek (C's), eserleku banarekin.
Duela lau urte lortutako eserleku berberak erdietsi dituzte jeltzaleek Araban, baina oraingoan PPk baino eserleku bat gehiago atera dute. Paradoxikoki, botoetan PP izan da alderdi bozkatuena herrialdean( 34.975 boto), EAJk baino bostehun boto gehiagorekin. Kontuan hartu behar da Arabako Biltzar Nagusietako eserlekuen %65 Gasteizek erabakitzen duela eta hor PPk lortu du boto gehien. Nolanahi ere, PP bigarren indarra izatera pasa da Arabako Biltzar Nagusietan, eta ziurtzat eman daiteke Javier de Andres egungo ahaldun nagusiak aginte makila galduko duela. Azken lau urteotan agintean egon den PPk ezin izan dio eutsi lehen indarrari, eta lau eserleku galdu ditu 2011ko emaitzekin alderatuta. Hautesleek gogor zigortu dute PP Araban: 12 ordezkari lortu ditu eta botoetan ere nabarmen egin du bera eskuineko alderdiak, 5.000 boto inguru galduta.
EH Bilduk hirugarren indarra izaten jarraituko du, eserleku berberekin (11), eta antzeko botoekin. Koalizio abertzaleak ez du lortu gora egitea eta 2011ko antzeko emaitzak erdietsi ditu: botoen %20,46 lortu du koalizioak, 32.467 boto.
Gauzak horrela, Arabako Aldundiko makila hartzeko aukera handiak ditu Ramiro Gonzalez jeltzaleak. Beste alderdi baten babesik ezean, gutxiengoan agindu dezake EAJk hurrengo lau urteetan. Inbestidura saiorako beharko ditu babesak. Argi dago PPk ia ezinezkoa izango duela agintean jarraitzea. Orain dela lau urte Javier de Andres izendatu zuten ahaldun nagusi, PSEren botoei esker; orain, baina, PSEk esan du ez dela izango PPren bidelaguna.
PSEk, hain justu, kolpe latza jaso du, eta hauteskundeetako galtzaile nagusia izan da: bost eserleku erdietsi ditu, 2011n baino lau gutxiago. 17.803 boto lortuta, bidean 7.000 boto inguru galdu ditu Cristina Gonzalez hautagaiaren alderdiak. Bosgarren indarra izatera pasa dira sozialistak, Ahal Duguren atzetik.
Alderdi berrien parte hartzearen ondorioz, inoiz baino zatituagoa egongo dira Arabako Biltzar Nagusiak legealdi honetan. Hiru alderdi berri izango dira hemendik aurrera ordezkatuta: Ahal Dugu, Irabazi eta Ciudadanos. Ahal Duguk 8 eserleku lortu ditu, eta bana Irabazik eta Ciudadanosek. Ahal Dugu izan da ezustea eman duen alderdia, inkestek aurreikusitakoa baino ordezkari askoz gehiago erdietsi baititu. Sozialisten gainbeheraren onuradunak izan dira Ahal Dugu-koak, neurri handi batean, eta indar handiz sartu dira Biltzar Nagusietan 23.103 boto eskuratu dituzte, laugarren indarra direlarik.
Irabazi-Ganar Araba koalizioak ere eserleku bat lortu du. Equo, Ezker Anitza eta Alternativa Republicana alderdiek osatutako koalizioak 5.868 boto eskuratu ditu, %3,69. Ciudadanos alderdia sartu egingo da Arabako Biltzar Nagusietan, eserleku bakar batekin. PPri kendu dizkion botoei esker lortu du ordezkaritza eskuineko alderdiak: 4.925 boto.
Badira Biltzar Nagusietatik kanpo geratu direnak: Ikune, Vox eta UPD, besteak beste.
Marotok erronkari eutsi dio Gasteizen
Orain dela lau urteko garaipena errepikatzea lortu du Javier Marotok Gasteizen. PPk zinegotzi kopuru bera lortu du — bederatzi —, eta boto zenbatekoa ere handitu du, portzentajean hamarren batzuk jaitsi bada ere. Berriro ere gutxiengoan gobernatzeko aukera eskura du, oposizioko alderdien artean itunik ez bada, bi alderdi gehiagok ordezkariak izango dituzten udalbatzan.
Azken hilabeteotan protagonista bihurtu da Maroto. Gizarte laguntzen baldintzak gogortzeko kanpainaren lidergoa hartu du, eta etorkin kolektibo batzuei lan egin nahi ez izatea eta laguntza horien kontura bizitzea egotzi die. Kanpaina polemikoa izan da, eta hirian tentsioa sortu du.
Baldintza horietan iritsi dira udal hauteskundeak, eta alkateak erronkari eutsi dio. Orain dela lau urte baino 3.200 boto gehiago eskuratu ditu. Maroto efektu bat ere egon da hautetsontzietan. PPk batzar nagusietarako baino 5.500 boto gehiago lortu ditu udalerako Gasteizko barrutian; %18 gehiago da.
EH Bildu izan da bigarren. Miren Larrion buru duen hautagaitzak orain dela lau urteko emaitza errepikatu du zinegotzi kopuruan, eta sei ordezkari izango ditu. Hori bai, 2011. urtean Bilduren eta Aralarren botoak gehituta baino 1.000 gehiago lortu ditu.
EAJ eta PSE-EE izan dira hirugarren eta laugarren. Bi alderdiek behera egin dute. EAJk zinegotzi bat galdu du, eta 1.300 boto gutxiago izan ditu. Botoen %19,6 izatetik %16,6 izatera jaitsi da, halaber. Sozialistentzat kolpea latzagoa izan da. Bi zinegotzi galdu dituzte, eta 6.000 boto gutxiago izan dituzte.
Hauteskundeek, bestalde, lau alderdiko udalbatza desegin dute. Podemosek babestu duen hautagaitzak, Hemen Gaudek, estreinaldi ona izan du, eta bi zinegotzi izango ditu udalbatza berrian. Hala ere, Podemosek batzar nagusietarako baino 8.000 boto gutxiago izan ditu Hemen Gaudek. Irabazik ere zinegotzi bat du.
Agurainen, EAJ
Herrialdeko udalerri nagusietan hainbat aldaketa egon dira. EAJk Agurainen, Aiaran eta Bastidan irabazi du. PPk eutsi die Oioni eta Guardiari. EH Bildu Laudion eta Aramaion izan da garaile. PSE bi udalerritan nagusitu da: Iruña Oka eta Moreta.
Trebiñun sei alderdik ordezkaritza lortu dute. Bi eserleku dituzte bi herri plataformek eta PPk. Argantzunen plataforma independente bat gailendu da.
Ramiro Gonzalez (EAJko ahalgungaia): "Babes handiena lortzen duenak agindu beharko luke"
Kike Fernandez de Pinedo (EH Bilduko ahalgungaia): "EH Bilduk aldaketa gidatuko du Araban"