Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
EAJk irabaziko ditu bozak, eta EH Bildu gertu izango du
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak atzo argitaratutako inkestako datuen arabera, EAJk 24-26 legebiltzarkide lortuko ditu datorren igandeko hauteskundeetan, EH Bilduk 21-23 legebiltzarkide, PSE-EEk 16-17 ordezkari, PPk 10, Ezker Anitzak batere ez edo bat eta UPDk legebiltzarkide bakarra. Jaurlaritzaren inkestaren arabera, Araban 7 aulki lortuko ditu EAJk, 5-6 EH Bilduk, 6 PSE-EEK, 5 PPk, 0-1 Ezker Anitzak eta 1 UPDk; Bizkaian, 10-11 eserleku lortuko ditu EAJk, 6 EH Bilduk, 5-6 PSE-EEk eta 3 PPk; Gipuzkoan, ostera, 10-11 jarleku lortuko ditu EH Bilduk, 7-8 EAJk, 5 PSE-EEk eta 2 PPk. Bestalde, Deia eta El Mundo egunkariek ere hauteskundeei buruzko inkesta bana kaleratu zuten atzo. Gizakerrek Deia kazetarentzat egindako inkestak dioenez, EAJk 24-25 parlamentari lortuko ditu (botoen %33,9), EH Bilduk 21-22 parlamentari (botoen %27,1), PSE-EEk 16-17 parlamentari (botoen %19,8) eta PPk, berriz, 13 parlamentari (botoen %14,2). Inkesta horren arabera, Ezker Anitza, Ezker Batua eta UPD alderdiek ez dute ordezkaritzarik lortuko Eusko Legebiltzarrean. Azkenik, Sigma Dos enpresak El Mundo egunkariarentzat egindako inkestaren arabera, jeltzaleek 24-26 eserleku lortuko dituzte (botoen %33,3), EH Bilduk 20 eserleku (botoen %24,5), PSE-EEk 16-18 eserleku (botoen %20,2) eta PPk 12 eserleku (botoen %14,4). Inkesta horren arabera, UPDk bi legebiltzarkide lortuko ditu, eta Ezker Anitzak, bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu