EHUko maiatzeko euskobarometroaren arabera, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako garaipena estu legoke EAJren eta EH Bilduren artean, legebiltzarkide bateko edo biko aldea baino ez bailegoke. EAJk irabaziko lituzke bozak, 23-24 aulkirekin (botoen %32,1 350.000 boto —2009an 399.000 boto—), eta EH Bildu legoke bigarren postuan, 22rekin (%24,7, 280.000 boto).
PSE-EEk 17 legebiltzarkide erdietsiko lituzke —%20, 100.000 boto gutxiago; 318.000 lortu zituen 2009an— eta PPk 12-13 —%14, lau mila boto gehiago; 146.000 duela hiru urte—. IU-Ezker Anitzak eta UPDk ere gaur egun ordezkaritza dute EAEko parlamentuan, baina aipatutako inkestak dio ez luketela aulkirik lortuko. %3 eta %1,8 ematen die, hurrenez hurren. EBk ere ez luke aulkirik (%2).
Aralarrek eta EAk ere badute ordezkaritza legebiltzarrean, baina datozen bozetan EH Bildu koalizioan egongo dira, ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin batera.
Herrialdeka EAJ erraz nagusituko litzateke Bizkaian (%38, hamar aulki; Gipuzkoan zazpi eta Araban sei-zazpi), EH Bildu ere aise garaile Gipuzkoan (%37, hamar aulki; Bizkaian eta Araban seina), eta Araban EAJ eta PP berdinduta leudeke.
75 parlamentarik osatzen dute legebiltzarra eta, bertako araudiko 165. artikuluak dioenez, lehendakari izateko aurrenik legebiltzarkideen botoen gehiengo osoa behar da. Bestela, bigarren bozketan, gehiengo sinplea.
EHUko Zientzia Politikoetako departamenduak egin ohi du euskobarometroa.
Iazko azaroko-abenduko inkestako emaitzak
EAJ: 22-23.
Amaiurreko taldeak (gaurko EH Bildukoak): 19-22.
PSE: 16.
PP: 13.
EB: 0-3.
UPD: 0.
Hauteskundeak udazkenean?
Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeak 2009ko martxoaren 1ean izan ziren. Berez, 2013ko otsailean edo martxoan izango dira, baina litekeena da aurtengo udazkenera aurreratzea, Patxi Lopezen (PSE-EE) gobernua legebiltzarrean gutxiengoan geratu baita PPrekin lankidetza hautsi ostean.
Lehendakarigaiak
EAJko lehendakarigaia Iñigo Urkullu EBBko presidentea izango da, EH Bildukoa Laura Mintegi EHUko irakaslea eta idazle, PSEkoa Patxi Lopez idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, PPkoa Antonio Basagoiti EAEko alderdiko presidentea eta UPDkoa Gorka Maneiro eusko legebiltzarkidea. IU-Ezker Anitzakoa baliteke Mikel Arana eusko legebiltzarkidea eta koalizioko koordinatzailea izatea.