gipuzkoa

EAJk "jauzi kualitatiboa" eman nahi du Gipuzkoan

GBBk Prest dinamikako lehen mintegia egin du, 'Gobernu ona'-ri buruzkoa. "Gure alderdia erreferentea izan da, administrazioetan izan duen arduragatik. Gizartean ondo errotuta dago". Ekainaren 14an diputatu nagusigaia eta herrialdeko hogei hiri eta herri handietako alkategaiak aurkeztuko ditu.

Gipuzkoako EAJko kideak gaur, Donostian.
enekoitz esnaola
2014ko martxoaren 29a
13:08
Entzun

Gaur jarri du abian EAJren GBB Gipuzko Buru Batzarrak Prest dinamikaren mintegi zikloa, Gobernu ona izeneko saioa eginda Donostian, Miramon parke teknologikoan. Ongizateari, krisi ekonomikoari eta proiektu politikoari buruzkoak izango dira beste hirurak. Azkenekoan —ekainaren 14an—, Gipuzkoako diputatu nagusigaia eta herrialdeko hogei hiri eta herri handietako alkategaiak aurkeztuko dituzte, Donostiako Kursaal jauregian.

"Gardentasunean, gertutasunean eta eraginkortasunean oinarritutako eredu propioa" defenditu du gaur Imanol Lasa Gobernu ona-ren txostenaren egileak. "Bide horretan, gure alderdia erreferentea izan da, administrazioetan izan duen arduragatik. Gizartean ondo errotutako alderdia da, konfiantza sortzen jakin izan duelako. Eta orain, gure lurraldean, Gipuzkoan, jauzi kualitatiboa eman nahi dugu Gobernu Onaren arloan".

2011ko udal eta foru hauteskundeen ondoren Hondarribiko, Aiako, Elgoibarko eta Urnietako alkatetzak baizik ez zituen eskuratu EAJk. Besteak beste, Foru Aldundia galdu zuen, 1991tik diputatu nagusia jeltzalea izan ostean; Bildu dago diputazioan azken hiru urteetan. Lasak hari «bere jendearentzat» soilik gobernatzea egotzi dio.

GBBren konpromisoak gobernu ereduaz

"Herri bat ez da egiten borroka eta enfrentamendua bultzatuz, baizik eta zubiak eraikiz eta ahaleginak batuz. Dauzkagun arazoak konpontzeko, eta ilusioa pizteko, giltzarriak honakoak dira gure ustez, administrazioei dagokionez:          

- Gardentasuna. Gardentasuna ez da dohain bat, baizik eta inperatibo bat. Horretarako ezinbestekoa da komunikazioa modu egokian kudeatzea.

- Kudeaketa zorrotza. Plangintza, helburu eta konpromiso zehatzekin, eta ebaluaziorako tresna eraginkorrekin gobernatzea, eta ez unean unekoaren eta inprobisazioaren arabera.

- Elkarlana. Erakunde desberdinen artean, erakunde barruan, sektore pribatuarekin, eta gizarte eragileekin. Ardura partekatua bultzatu behar dugu.

- Jarrera eraikitzailea. Gure eredua ez da besteen aurka egitea eta besteen proiektuak geldiaraztea. Gurea, denon artean egitea da. Esan ez, egin.

- Benetako partaidetza bultzatu, herritarrak kudeaketa publikoan konprometituz eta ardura partekatua sustatuz. Aniztasuna aberastasuna da.

- Administrazio arina. Desburokratizazioa sustatu. Ezin dugu ahaztu, jaikitzen garen unetik lo hartu arte, ia etengabeko harremanetan gaudela administrazioarekin.

- Jokabide etikoa bermatu kudeaketa publikoan".

Hurrengo udal eta foru hauteskundeak 2015eko maiatzaren 25ean izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.