EAJk krisitik ateratzeko politika ekonomikorako bere proposamena aurkeztu zuen atzo Bilbon. Proposamena, oraingoz, zirriborro bat da. Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak egoera larria dela onartu zuen: «Iazko uztailetik izan dugun egoerarik zailenean gaude orain, eta, aurreikuspenen arabera, urte amaiera are larriagoa izango da». Panorama oso ezkorra izanagatik, «paralisian eta etsipenean» ezin dela erori nabarmendu du Urkulluk, eta, horregatik, «norabide aldaketa» aldarrikatu duEAJk, batez ere enpleguari lehentasuna emanez.
Apirilaren 18an Europako Batzordeak politika ekonomikorako zuzentarau berriak iragarri zituen, eta irizpide horiek irailean eztabaidatuko dira estatukideen artean. «Euskadik aurrea hartu behar die. Hazkunderako egutegia proposatuko dugu, Europako lehen abiaduran kokatzea lortzeko». Hala, aurkeztu berri duten proposamenak egoera ekonomikoaren diagnosi «errealista eta osoa» egiteaz gain, errealitate horretara egokitutako politika ekonomikoaren printzipioak eta lehentasunak ezartzen ditu. Gainera, «euskal gizarteari hazkunderako egutegia eskaintzen dio».
Diagnosia egiterakoan, Urkulluk gogora ekarri du euskal ekonomiaren berezitasunetako bat dela industriak ekonomian pisu handia izatea, eta hori, neurri batean, Eusko Jaurlaritzak duela 30 urte hasitako industria politikaren eta enpresek nazioartera hedatzeko ahaleginaren emaitza dela deritzo. Urkulluren ustez, dena den «beste atzeraldi batean» murgiltzera doa ekonomia, eta egoera «konplexuagoa» izango da orain. EAJko buruzagiak aipatu du Espainia gaur egun de facto EBk esku hartuta dagoela, eta gaur egun Espainiaren aterkipean egoteak kalte egiten diela euskal enpresei eta erakunde publikoei nazioartean finantzabidea lortzeko orduan.
EAJren proposamen politikoak hamabi ardatz ditu. Enplegua sortzeak du lehentasuna, eta «enplegu politika aktiboen eredu propioa» garatu behar dela deritzo, batez ere gazteen langabezia handiari aurre egiteko. Gainera, nabarmendu du hezkuntza sistema etorkizunerako zutarrietako bat dela eta gero eta kualifikazio maila handiagoa lortzeko erronkari erantzun behar diola. Era berean, industria izpiritua berreskuratzea eta ekonomia produktiboa bultzatzea da beste printzipioetako bat.
Zerga politikari dagokionez, «ezinbestekotzat» jotzen du aldundien araudi ahalmena sendotzea eta enpresen proiektuak bermatzeko ikuspuntua izatea. Autogobernuan «sakondu» egin behar dela deritzo, eta Espainiako Gobernuak «oinarrizko legedia gehiegi erabiltzea» geldiarazi behar dela. Eta azaldu du Eusko Jaurlaritzak gidatu behar dituela erakundeen arteko akordioak. Haren esanetan, EAJ gertu dago Jaurlaritzara heltzeko eta norabide aldaketa gidatzeko.
EAJk krisi ekonomikoari erantzuteko «norabide aldaketa» proposatu du
Euskal gizarteari «hazkunderako egutegi bat» eskaini nahi dio, eta enpleguak izango du lehentasun nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu