Juantxo Iturria. Gipuzkoa Ahal Dugu-ko bozeramailea

«EAJk lurralde auziaz bakarrik galdetu nahi du; guk, denetik»

JON URBE / ARP.
enekoitz esnaola
Donostia
2017ko martxoaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gipuzkoako Ahal Dugu-ren taldeak dio erabakitzeko eskubidearen alde dagoela, baina ez du osorik babestu Batzar Nagusietako ebazpena. Juantxo Iturria eledunak (1981, Donostia) nabarmendu du denetik galdetzeko aukera izan behar dela.

Ebazpeneko puntu batean alde bozkatu duzue Ahal Dugu-ko batzarkideok. Beste bietan, abstentzioa. Zergatik?

Lehen puntua erabakitzeko eskubidearen aldarrikapen orokorra da, eta horrekin ez dugu arazorik, eskubide horren alde baikaude. Gizartearen etorkizuna erabakitzeko galdeketak egitea babesten dugu. Baina hainbat gaitan erabili behar da erabakitzeko eskubidea, ez bakarrik lurralde auzian, eta Batzar Nagusietako osoko bilkurako ebazpen proposamena gai bakar bati buruzkoa izan da. EAJk lurralde auzietara mugatu nahi du eskubidearen ariketa. Hor dugu aldea harekin, eta horregatik abstenitu gara beste bi puntuetan.

Hilaren 19ko galderetako edukiengatik —euskal estatua, euskal errepublika, Euskal Herri burujabea— ere abstenitu zarete?

Ez. Ebazpenak beste gai sozial batzuk tratatzen ez dituelako abstenitu gara. Badakigu EH Bilduk gai sozialez-eta ere egin nahi dituela galdeketak, baina EAJk ez du nahi halakorik. EAJk lurralde auziaz bakarrik galdetu nahi du; guk, denetik. Egia da aurreko legealditik hor dagoela Donostiako zezenketan kasua. Estatuak ez dio udalari baimenik eman galdeketa egiteko. Ikusiko dugu zein den orain udalaren jarrera. Sustatu dezake iritzia emateko kontsulta bat, eta errespeta dezala bertako emaitza.

Zer behar da EAJk, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k erabakitzeko eskubideari buruzko akordio bat lortzeko?

Denetik galdetzeko aukera ahalbidetzea funtsezkoa da. Era berean, eta prozesu batean instituzioek parte hartzen duten unetik, ikusi behar da nolakoa den antolaketa, zer berme dauden, eta parte hartzeari ateak zabaltzea, galdera argia eta zehatza izatea, erabakiek ondorio dakartzaten aztertzea... Horren aurrean ere jarrera zehatza hartu beharko genuke. Galdeketak legezkoa eta adostua ere izan behar du.

Besteak —Espainiako Estatuak— ez badu nahi?

Legezkoa eta adostua izatea bilatu behar da, beti, hori baita aukerarik onena. Oraingoz, EAEn ez gaude instituzioek bultzatutako galdeketa baten aurrean. Ditugunak herrietako galdeketak dira, gizarte zibilak bultzatutakoak. Ikusiko dugu geroago zer egoera dugun.

Gure Esku Dago-ren lanaren alde al zaudete?

Gizarte zibileko dinamika bat da Gure Esku Dago, eta guk ondo ikusten dugu. Espainiako batasunaren aldeko erakunde sozial batek ere galdeketa sustatuko balu, errespetatuko genuke. Ona da gizarteak bere proiektuak garatzea. Hori bai, une jakin batean instituzioek parte hartu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.