Joseba Egibar EAJko bozeramaileak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean aitortu du bere alderdiak, PPk eta PSEk akordio bat egin dutela Eudeleko gobernu talde berria osatzeko eta presidentetzarako hautagairik probableena Bilboko Udaleko Kultura zinegotzi Ibone Bengoetxea dela, eskuartean beste izen batzuk ere badituzten arren. Egibarrek azaldu duenez, presidenteordetzak Jose Antonio Santano Irungo alkate sozialistarentzat eta Javier Maroto Gasteizko alkate popularrarentzat izango dira.
Irailaren 20an izango da zuzendaritza beria aukeratzeko bozketa baina horren aurretik hiru alderdietako zuzendariek berretsi egin beharko dute akordio honetan adostutakoa.
Modu honetan Bildu Eudeleko gobernu taldetik kanpo geratuko litzateke, baina EAko legebiltzarkide Juango Agirrezabalak baieztatu duenez, Bilduko ordezkariek parte hartuko dute Eudelen, oraindik partehartze hori nolakoa izango den zehaztu ez badute ere.
Agirrezabalaren ustez benetan egin behar dena Eudelek bete beharreko funtzioak zein diren hausnartzea da. Bilduren iritziz Eudelen egitekoak udaletxeei laguntza teknikoa ematea izan behar luke, "hainbesteko instituzionalizaziorik gabe".
EAJko iturriek azaldu dutenez, Eudeleko erantzukizunak banatzeko orduan Bildu "luzamendutan ibili da erabakia ez hartzearren". Horregatik, Euskadiko Udalen Elkarteko etorkizuna bermatzeko PSErekin eta PPrekin akordio bat ixtea erabaki dute jeltzaleek.