EAJk, PSEk eta PPk hitzarmena berretsi dute Eudelen agintzeko

Bilduk salatu du EAEko udalen erakundearen zuzendaritzatik «kanpo» utzi nahi dutela

Erredakzioa
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Eudel EAEko udalen erakundearen zuzendaritza osatzeko hitzarmena berretsi dute EAJk, PSE-EEk eta PPk, eta, era horretan, erakunde horretan gehiengoa dutela erakutsi nahi dute hiru alderdi horiek Bilduren aurrean.

Itun horren bidez, EAJk, PSEk eta PPk hautagaitza bateratua aurkeztuko dute datorren hilaren 20an egingo den batzarrean. Batzar horretan, eta sinatutako akordioaren arabera, Ibone Bengoetxea jeltzalea izendatuko dute hurrengo lehendakaria, Jose Antonio Santano Irungo alkatea (PSE) lehen presidenteordea, eta Javier Maroto Gasteizko alkatea (PP) bigarren presidenteordea. Bengoetxeak, baina, «zuhurtzia» eskatu du izendapena dela-eta, eta esan du ez duela ezer esateko asmorik proposamena ofiziala ez den bitartean.

Bestalde, Marotoren postua ez da ziurra, Bilduk erakunde horretako zuzendaritzako karguren bat lortzeko hautagaitza aurkezten badu. Izan ere, Bilduk salatu du koalizioa Eudeletik «kanpo» utzi nahi dutela, eta Bildu «kanpo» utzi nahi dutenek «gustura» parte hartuko dutela «triunbiratuan». Bilduk azaldu du prest dagoela parte hartzeko euskal herritarren «interesak» defendatzeko aukera ematen duten erakunde guztietan. Gainera, esan du EAJk boterea duela «irizpide eta ideologia bakartzat».

Era berean, Joseba Egibar EAJko GBBko buruak akordio hori argudiatzeko egindako adierazpenak salatu ditu Bilduk, eta azaldu du EAJ gai dela hauteskundeei begira PPren eta PSEren aurkako diskurtsoa alde batera uzteko, «botere eremu bat» bermatzearren. Hori dela eta, Bilduk adierazi du EAJk bere izaera «biluzten» duela «indar konstituzionalekin» bat eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.