Andoni Erkiaga Agirre EAJko biltzarkideen prokuradoreak mozio bat aurkeztu du aste honetan Arabako Biltzar Nagusiek eztabaida dezaten Nafarroako Gobernuak hondakinak errausteko FCCren Portland Valderribas enpresari eman berri dion baimena. EAJko taldeak gogora ekarri du iazko ekainaren 25ean Arabako Biltzar Nagusietan onartutako mozioa. Besteak beste, mozio horretan eskatu zioten Nafarroako Gobernuari legedia betetzeko Olatzagutiko proiektuari oniritzia emateko prozesuan. Aldi berean, osasun publikoa zaintzeko beharra azpimarratu zuten Arabako biltzarretako ordezkariek.
EAJk iritzi dio ez dela legezkoa Olatzagutiko porlan fabrikari hondakinak errausteko eman berri dion baimena —udalez gaindiko arlokako proiektu baten bidez eman dio—, "batere gardentasunik gabeko prozesu batean" atzera bota dituztelako proiektuaren aurka aurkeztu diren mozio guztiak, "modu baldar batean".
EAJri paradoxikoa iruditzen zaio baimen hau justifikatzea esanez eskualdean enpleguari eusteko beharrezkoa dela. Izan ere, berriki Sodena elkarte publikoak kolokan utzi ditu Sunsundegui enpresako ehunka langile. Hala, EAJk eskatu die biltzar nagusiei "Nafarroako Gobernuaren inposizioa" gaitzesteko, bereziki honen moduko "gai labain" batean. Aldi berean, Arabako lurraldeari ere Portlanden jarduera berriak eragingo diola ohartarazi du EAJk.