Gasteizko alkatetza

EAJk "zail" ikusten du Arabako PPrekin elkar ulertzea

Biltzar Nagusietako eta Gasteizko Udaleko egoera aztertu eta itunak erabakitzeko bildu dira gaur PP eta EAJ; jeltzaleek ez dute argitu zeri bide emango dioten, Javier Marotoren alkatetzari edo aldaketari. Hainbat gizarte eragilek eskatu dute ez uzteko Marotori alkatetza karguan jarraitzen. EH Bilduk berretsi egin du EAJren alkatetza babestuko lukeela. 

Alfonso Alonso, Javier de Andres, Javier Maroto eta Iñaki Oiartzabal PPko ordezkariak, EAJren egoitzako atarian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Ainhoa Oiartzabal-Gotzon Hermosilla-Edurne Begiristain
2015eko ekainaren 9a
07:25
Entzun

SOS Arrazakeriak, Ongi Etorri hautagaitzak eta Atawasol elkarteak uste dute Marotok atzo eginiko adierazpenarekin ez duela ezer aldatu; "alkate arrazista bat izan da, eta alkate arrazista izango da". Nabarmendu dute ez diela barkamenik eskatu Gasteizen bizi diren magrebtarrei —laguntza sozialen kontura bizi zirela esan zuen—. 

Gizarte eragile horien arabera, "alkatetzari eusteko estrategia bat" da atzo Marotok eginiko adierazpena. Haien ustez, dena ez da balekoa, eta atzoko adierazpena ezin da izan aitzakia Marotok alkatetzan jarraitzeko. Horregatik, EAJri eta bereziki Andoni Ortuzarri eskatu diote ez diezaiotela Gasteizko jarduneko alkateari postuan jarraitzea ahalbidetu.

Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkide Hasier Arraizek esan du “azken momentura arte” saiatuko direla PPko Javier Maroto alkate izenda ez dezaten. “Iraingarria” eta “gasteiztar guztiei aurpegira botatako listua” gisa definitu du Marotoren azken keinua. “Ez dakigu keinu horrek Andoni Ortuzar konbentzituko duen, baina guri politika zaharraren adierazgarri iruditzen zaigu, erakusten baitu Maroto edozein gauza egiteko prest dagoela karguari eusteko”, esan du.

Gorka Urtaran EAJren zerrendaburuari galdegin diote aurkeztu dezala bere hautagaitza; Arraizek ziurtatu du EH Bilduren botoak izango dituela alkate izateko.

EAJ-PP bilera

Gaur bertan egin dute bilera EAJko eta PPko Arabako zuzendaritzek, Gasteizen, Biltzar Nagusietako eta Gasteizko Udaleko egoera aztertu eta itunak erabakitzeko. Ordubetekoa izan da, giro "adeitsuan" eginikoa. Xabier Agirre, Ramiro Gonzalez, Gorka Urtaran eta Claudio Rodriguezek osatu dute EAJren ordezkaritza. PPrena, berriz, Alfonso Alonso, Iñaki Oiarzabal, Javier de Andres eta Javier Marotok.

Herenegun, Xabier Agirre Araba Buru Batzarreko presidenteak aitortu zuen "luze" joko dutela akordioak bilatzeko bi erakundeetan abian diren negoziazioek, eta azken unera arte ez dela erabakirik hartuko. Gasteizko Udalean gertatzen denak Arabako Aldundian eragina izango duela ziurtatu zuen.

Javier de Andres Arabako jarduneko ahaldun nagusiak gaurko bileraren aurretik adierazi du EAJk erabaki egin behar duela edo EH Bildurekin edo PPrekin, norekin nahiago duen akordioa egin. Haren ustez, EH Bildurekin akordioa egin eta Maroto Gasteizko alkatetzatik kentzeak "ezegonkortasuna" ekarriko luke, eta ez luke Arabako gizartearen "zati handi bat" ordezkatuko. 

PP prest dago EAJri babesa emateko Arabako Biltzar Nagusietan, eta babes hori Gasteiz, Oion eta Artziniegako udaletara zabaldu nahi du. Azken horretan EH Bilduk 11 botorengatik irabazi zion orain arte alkatetza eduki duen EAJri. Oionen, berriz, PP da lehen indarra, baina EH Bilduk bere botoak eskaini dizkio EAJri alkatetza horrek har dezan. 

EAJk, ordea, "zail" ikusten du Arabako PPrekin elkar ulertzea, eta ohartarazi dio hauteskunde kanpainaren "aurretik, bitartean eta ondoren elkar ulertzea zailtzen" duela. Hori horrela, PPren eskaintzari ez dio erantzun, eta Efe agentziak EAJko iturriak aipatuz zabaldu duenez, "jokaleku guztiak" dituzte zabalik jeltzaleek. EH Bildu eta PSE-EErekin batzartuko da bihar EAJ, eta bi indar horiekin bildu arte ez du erabakirik hartuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.