hondakinak

EAJk zentsura mozioa jarriko du Alduntzinen aurka

EAJk iragarri du hizketan hasiko dela PSE-EErekin eta PPrekin, Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatua kanporatzeko. Bi aste baino lehen aurkeztuko dute mozioa, eta uztailean eztabaidatu nahi dute. Joseba Egibarren hitzetan, "inposizioaren eta iruzurraren aurkako zentsura mozioa da".

2012ko ekainaren 14a
19:45
Entzun

EAJk zentsura mozioa jarriko du Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren aurka. Hala jakinarazi du alderdiak, gaur arratsean egin duen agerraldian. EAJk iragarri du hizketan hasiko dela PSE-EErekin eta PPrekin; hamabost batzarkide behar ditu horretarako, baina hamalau dituzte jeltzaleek. PSE-EEk eta PPk lehenago ere adierazi izan dute Alduntzinen aurka zentsura mozioa aurkezteko asmoa. Ekaina bukatzerako aurkeztu nahi du mozioa EAJk, eta Batzar Nagusietan uztailean eztabaidatu eta erabakiko dela espero du.

Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak adierazi du "emandako hitza" urratu egin duela Bilduk, ez duelako zaborren plana Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman. "Inflexio puntua" izango da Bilduren aurka, Egibarren hitzetan. "Inposizioaren eta iruzurraren aurkako zentsura mozioa da", erantsi du EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak.

Markel Olano EAJko kideak ere hondakinen kudeaketa plana Batzar Nagusietan eztabaidatu behar dela nabarmendu du, eta Bilduk hori "saihestu" nahi duela salatu du. "Iruzur ikaragarria da", Olanoren esanetan.

Mozioak, hondakinen kudeaketa planaren aurka

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hiri Hondakinen Kudeaketa Planaren aurka EAJk, PSE-EEk eta PPk hainbat mozioren alde bozkatu dute gaur goizean Batzar Nagusietan. Bozketen ostean, PPk jakinarazi du aldundiak ez badu plana Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkezten PSE-EE eta EAJrekin elkarrizketak hasiko dituela Alduntzinen aurkako mozioa aurkezteko. Mozio hori aurkezteko, EAJko batzarkideen botoak behar zituzten PPk eta PSE-EEk, eta arratsaldean EAJk jakinarazi du bat egingo duela asmo horrekin.

Onartutako mozioetan, hiru eskari egin dizkiote Batzar Nagusiek aldundiari: 2008tik indarrean dagoen Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plana aurrera eramateko; Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren helburu soziala betetzeko; eta aldundiak bere plana erregistratzeko Batzar Nagusietan, ondoren bertan eztabaidatzeko eta bozkatzeko.

Gaur onartu dutenez, gainera, aldundiak argibideak eman beharko ditu errauste planta ez eraikitzeak izango dituen ondorioen eta kostuen inguruan.

Rebeka Ubera Aralarreko batzarkideak "hauteskunde estrategia" batean aritzea leporatu die EAJri, PSE-EEri eta PPri: “Esan eta esan ari zarete Bilduk ez daukala gehiengorik, eta gehiengoa zuena dela. Bada, legealdi hasieran egin ez zenuten bezala, ausart jokatu, har ezazue gobernua, eta egin ezazue errauste planta”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.