Gasteizko kontzentrazioa zela-eta, Arabako PPk errekurtsoa aurkeztu zuen probintzia horretako Hauteskunde Batzordean, eta errekurtso horri jarraiki erabaki du Gasteizko Instrukzio Epaitegi horrek Iturritxa eta Rojo inputatzea.
EAJ eta PSE-EEko iturriek agertu dute datozen egunetan alderdi horietako beste buruzagi batzuk ere inputatzea espero dutela, hain zuzen ere, haiek ere manifestazio horietan parte hartu zutelako.
Espainiako legeen arabera, hauteskunde bezperako egunean, hots, gogoeta egunean, ezin da manifestaziorik egin. Hala ere, leku askotan egin ziren elkarretaratzeak: telefono mobilen bidez zabaldu zen deialdia, deitzaile jakinik gabe, eta hein batean, martxoaren 11ko Madrilgo sarraskiaren inguruan Jose Maria Aznarren Gobernuak erabili zuen informazio politikaren kontrako erantzuna izan zen. Izan ere, jendeak susmoa hartu zuen hauteskundeak irabaztearren PPko Gobernua gezurra esaten ibili zela: atentatuak ETAri leporatuz eta ekintzaile islamiarrak izan zitezkeela ezkutatuz.
M-14, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
EAJko Arabako batzarkide bat eta PSE-EEko zinegotzi bat inputatu dituzte PPren aurkako elkarretaratzeetan parte hartu zutelako
Alvaro Iturritxa EAJren Arabako Batzar Nagusietako bozeramailea eta Natalia Rojo PSE-EEko zinegotzia inputatu gisa deklaratzera deitu ditu Gasteizko Instrukzio epaitegi batek, martxoaren 13an, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen bezperan, Gasteizko PPren egoitzaren aurrean ehunka herritarrek egin zuten elkarretaratzean parte hartu zutelako. Espaniako Estatuko hainbat lekutan bezala, Hego Euskal Herriko hiriburuetan jende multzoak bildu ziren PPren egoitzen atarietan Espainiako Gobernuak martxoaren 11ko Madrilgo sarraskien inguruan egia esan zezala eskatzeko. Espainiako Fiskal Nagusiaren ekimenez, elkarretaratze horietan izan zirenen kontrako neurriak hartzen hasi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu