Hondakinen bilketarako atez ateko sistemaren zintzilikarioak erabiltzeko prestasuna erakutsi zuen Lezoko Udaleko EAJk, EH Bildurekin otsailean akordioa egin ondoren. Erabaki hori ez zen GBBren batere gustukoa izan, eta berehala hasi zen haren aurka mugitzen. Lezo Garbia plataformak eta PSE-EEk ere ahots ozenez salatu zuten akordioa.
Jasotako presioei eutsi ezinik utzi zuen kargua Kepa Garbizu alkate ohiak —aste honetan ordezkatu dute—, eta orain, haren konfiantzazko beste zinegotzi batek, Xubero Ubillosek, bide bera hartu du. Xubero Ubillosek irmo defenditu izan du EH Bildurekin egindako akordioa, besteak beste, BERRIAn otsailean egindako adierazpen batzuetan: «Bazen garaia. Gogo handia genuen gai hau konfrontaziotik ateratzeko». Ez dirudi, ordea, konfrontazioak bukatu zirenik orduan.
Ubillosek gaur sartu du bere dimisio eskaria Lezoko udaleko erregistroan.