EAJko lehendakarigaia, uztaila baino lehen

Hauteskundeetarako estrategia zehazteko eta lehendakarigaia aukeratzeko batzorde bat sortuko du EAJk

Erredakzioa
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako lehendakarigaia aukeratzeko lanetan buru-belarri sartuta dago EAJ. Eta dagoeneko lehen erabakia hartu du zuzendaritzak: lehendakarigaia aukeratzeko batzordea eratuko du. Hauteskundeei begirako estrategia zehaztuko du batzorde horrek, eta tartean, lehendakarigaia ere aukeratuko dute, Andoni Ortuzar EAJko BBBko presidenteak jakinarazi duenez. Hautaketa prozesu hori ekainaren 30a baino lehen amaitu nahi du EAJk.

EAJren EBBk proposatuko du hauteskundeetarako lehendakarigaiaren izena, eta militanteei helaraziko die proposamena. Militanteek, gero, aukera izango dute hautagai alternatiboak proposatzeko, «normaltasun osoz», Ortuzarrek azaldu duenez. EAJko buruzagiak adierazi du lehendakarigaia izateko hainbat baldintzak bete behar direla: besteak beste, alderdiko oinarriek eta EBBk proposatu behar dute, ibilbide eta soslai «egokia» izan behar du eta euskalduna beharko du.

Hautagaia proposatuko duen batzordeko kideen artean ez da egongo Iñigo Urkullu EBBko presidentea, baina Ortuzarrek argitu du horrek ez duela esan nahi bera izango denik alderdiko lehendakarigaia.

EAEko hauteskundeak aurreratuko direnik ez daki EAJko buruak, baina Patxi Lopez lehendakaria eta PSE-EE alderdia «urduri» ikusten dituela adierazi du. Herenegun Lopezek Bilbon egindako ekitaldi politikoari hauteskunde kutsua ikusi dio Ortuzarrek, eta uste du PSE-EEk «badaezpada» ekin diola hauteskunde kanpainari: «Ez dakit presa duelako edo etxeko lan asko egiteke dituelako eta egoera zaila duela dakielako, baina Lopezek jada ekin dio hauteskunde kanpainari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.