Herenegun aurrekontuak aurkeztu eta orain alderdiekin negoziatzeko txanda heldu zaio EH BIlduri Gipuzkoan. Datozen egunetan baldintzak aztertzeko harremanak egingo dituzte ordezkariekin, eta "jarrera eraikitzailea duten alderdi guztiekin aurrekontuak negoziatzeko prestutasuna" azaldu du aurretik EH BIlduk, une honetan bereziki "arduratsu jokatzea garrantzitsua" delako.
Oso zaila ikusten du PSE-EErekin eta PPrekin "aurrerakoia eta demokratikoa den akordiorik lortzerik", besteak beste, "ez dutelako errespetatzen erabakitzeko eskubidea", eta bakegintzan eta normalizazio politikoan "eman beharreko pausoak ematen ez" dituztelako.
"Inolako baztertzerik" egin gabe, hala ere, negoziaziorako "abiapuntu bakarra aurkeztutako aurrekontuak" eta bere edukiak izango dira: Aurrekontu sozialak "non pertsonen beharrak eta gizarte politika hartuko diren oinarritzat. Murrizketarik gabeko aurrekontu hauek beste garapen eredu bat sustatzeko abiapuntu" izatea nahi du.
Jaurlaritzak PSE-EErekin eta PPrekin egin duen itun fiskala ere izan du ahotan Agirrek, eta kezka agertu du itun hori "beste esparru batzuetara bideratzeko" asmoa agerian uzten dutela EAJko ordezkarien hainbat adierazpenek —Markel Olano izan du aipagai—.