EAJrekin ituna egiteko prest azaldu da PP, baina oposizioan

EAJren lehen bilera sorta bukatu ondoren, gaur egingo dute horren balorazioa jeltzaleek. Bere proposamena berretsi du EH Bilduk

EAJren eta PPren ordezkariak, atzoko bileran, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko urriaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EAJk eta PPk egindako bilerarekin amaitu da jeltzaleek gainerako alderdiekin egindako lehen kontaktu sorta. Orain arte, EAJren mezua izan da gobernabidea bermatu nahi dutela, horretarako hainbat aukera daudela eta aukera horiek guztiak «zabalik» daudela. Bilera saila amaiturik, EAJk gaur egingo du horren balorazioa, eta espero izatekoa da aurrerantzean emango dituzten pausoak ere iragarriko dituela. PP, berriz, prest agertu da jeltzaleekin akordioak egiteko, baina, EAJko iturrien esanetan, oposizioan kokatu du bere burua.

EAJren eta PPren arteko bilera «giro onean» egin dute, baina berriro ere agerian geratu dira bi alderdien artean dauden aldeak. PPren izenean Alfonso Alonso presidenteak, Nerea Llanos idazkari nagusiak eta Borja Senper talde parlamentarioaren bozeramaileak hartu dute parte bileran—aurrekoetan bezala, Iñigo Urkulluk eta Andoni Ortuzarrek osatu dute EAJren ordezkaritza—, eta, bilera amaitutakoan, Alonsok adierazi du prest daudela EAJrekin elkarlanean aritzeko eta itunak egiteko, baina betiere «egonkortasuna, moderazioa eta zentralitatea» bilatzeko xedez.

«Gu gara legebiltzarrean [Espainiako] Konstituzioa defendatzen dugunak», esan du Alonsok. «Ez dugu inolako naziorik aitortuko, eta ez gara abertzale bilakatuko soilik EAJrekin ituna egin ahal izateko».

Hori argi utzita, Alonso prest agertu da «konfiantzari eta elkarrizketari esparruak zabaltzeko» eta EAJrekin «ahalik eta harremanik gizabidetsuena» izateko. «Baina gu abertzaletasunaren aurrean konstituzionalismoaren alternatiba gara, eta garena defendatuko dugu», erantsi du.

EAJren iturriek baieztatu dute bilera «adeitsua» izan dela eta PP elkarrizketarako prest azaldu dela, baina jeltzaleek uste dute PPk «oposizioaren ardatzean» kokatu duela bere burua «gobernabidearen ardatzean» baino gehiago, nahiz eta «egoera horretan» hitzarmenak egiteko prest agertu.

Aukerarik baztertu gabe

EAJren EBBren presidente Andoni Ortuzarrek gaur Sabin Etxean emango dituen azalpenak iritsi bitartean, jeltzaleek ez dute aukerarik baztertu nahi izan. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak nabarmendu du harremanak «lehenengo fasean» daudela oraindik, eta, hortaz, goizegi dela ezer aurreratzeko.

Erkorekak gogorarazi du zein izan den EAJren jarrera: «EAJk ez du inongo eragilerik baztertu mintzaide gisa, eta lankidetzarako formula guztiak aztertu ditu. Aukera guztiak mahai gainean daude, eta ez da bat bera ere baztertu edo sustatu», esan du.

EH Bildu ere «aukera guztiei irekirik» dagoela adierazi du Miren Larrion legebiltzarkideak, eta berretsi du gainerako alderdiei egindako eskaintza «nazio mailako akordio handiak» lortzen saiatzeko, baina aitortu du EH Bildu orain Eusko Jaurlaritzan sartzeko «aukera gutxi» dagoela.

Onda Vasca irratiak egindako elkarrizketa batean, Larrionek azaldu du hainbat modu daudela akordio horiek gauzatzeko: «Aukeretako bat da EAJrekin batera Jaurlaritza osatzea; beste bat, Jaurlaritzan sartu gabe, legealdirako hitzarmen bat egitea guk planteatzen ditugun hiru ardatzen inguruan; eta beste bat, ardatz bakoitzaren inguruan aldian aldiko egiturazko itunak egitea».

Aukera horiei guztiei edo «horien uztarketa bati» EH Bildu «irekirik» dagoela esan du Larrionek, baina azaldu du orain koalizioa EAJrekin batera gobernuan sartzea ez dela aukerarik egingarriena: «Beharbada, has gintezke akordioak lantzen, eta elkarrenganako konfiantzan aurrera egin», esan du.

Larrionek gogora ekarri du zeintzuk diren EH Bilduk proposatzen dituen hiru ardatzak «nazio mailako akordio handiak» ituntzeko: egoera sozioekonomikoa, autogobernua, eta bakea eta bizikidetza. Bigarrenari dagokionez, Larrionek uste du erabakitzeko eskubidearen inguruan egon daitezkeela alderdien arteko alderik handienak. Bake eta bizikidetzaz, berriz, Larrionek pentsatzen du PPk ez duela ardatz horren inguruan ezer egin nahi, eta, hortaz, gainerako alderdiek erabaki beharko dutela nola egin aurrera.

Larrionen ustez, badago oinarririk akordio horiek lantzen hasteko, eta, alde horretatik, Urkulluk eta Ortuzarrek Alderdi Egunean esandakoak nabarmendu ditu: «Ilusioa egin zidan Urkulluri Alderdi Egunean entzuteak herri hau denon artean eraiki behar dugula, horixe izan baita kanpainako gure mezua».

Ortuzarrek «herri akordio handien» inguruan esandakoak ere EH Bilduk proposatutakoarekin bat datozela uste du Larrionek. «Badirudi planteamenduak bat egiten hasi direla», esan du. Edozein modutan, planteamendu horiek «urtean behingo adierazpena baino gehiago» EAJren jardueraren oinarri izan daitezen espero du Larrionek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.