Alderdi Popularrak behin baino gehiagotan eskatu izan dizkio azalpenak EAJri batzokien finantzaketaren inguruan, eta jeltzaleen haserrea eragin. Akusazioei erantzun eta ohar bat egin zien atzo Aitor Esteban alderdiko bozeramaileak PPkoei: "Irrigarria da besteok itolarrian geunden bitartean diruz gainezka egon den alderdi batek halako kritikak egitea".
Hala, Estebanek iragarri du auzitara eramango dutela auzia. "Horiek irainak dira, eta, beraz, has daitezela batzuk abokatu bila, epaitegietara joan beharko dute-eta".
Alderdi Popularraren aurka ez ezik, Bilduren aurka ere egin du buruzagi jeltzaleak, Europa Pressi emandako elkarrizketan. Udal Legea urratzea leporatu dio, besteak beste, koalizioari. "Bilduk badu jendea, adibidez, Gipuzkoako Foru Diputazioan, kargurik ez duena eta, hala ere, bulego bat duena eta diputazioaren inguruko erabakiak hartzen ari dena, eta hemen ez da ezer gertatzen".
Hala, EAJk Espainiako Kongresuan duen eledunak eskatu dio Bilduri zehazteko zer esan nahi duen "jeltzaleen kudeaketa iluna" aipatzen duenean: "Ez du balio akusazio nahasiak egitea, EAJk oso serio hartzen duelako legedia, eta goitik behera betetzen duelako".