EAJren Ipar Buru Batzarrak demokrazia gabeziaren erakusgarritzat jo du Macronen erabakia

Peio Etxelekuk buruzagi batzuen «hipokresia» salatu du, eta Frantziako Presidenteari eskatu dio hizkuntzei dagokion konstituzioko bigarren artikulua aldatzeko.

Peio Etxeleku, EAJren Ipar Buru Batzarreko presidentea, artxiboko argazki batean. IPARLA
2021eko maiatzaren 28a
20:44
Entzun

EAJren Ipar Buru Batzarrak ere kritika egin dio Macronen gobernuaren erabakiari. Atzo EH Bildu eta EH Bai neurri horren aurka mintzatu ondoren, Peio Etxeleku Ipar Euskal Herriko jeltzaleen buruak agerraldi bat deitu du gaur. Esan duenez, Macronen alderdiak bultzatutako helegiteak «demokrazia gabezia bat» erakusten du, eta gaineratu du ebazpenak frantses erakundeen «ezintasuna» erakusten duela Frantziako kultur aniztasunaren gaia kudeatzeko.

Etxelekuk buruzagi politiko batzuen «hipokresia» ere izan du hizpide: «Mailarik handienean da». Izan ere, Macronek igande goizean legea promulgatu eta bi egun geroago adierazi zuen, Facebook bidez, gobernuari eta Parlamentuari bitartekoak eskatu dizkiela «aniztasun lingustikoa bermatzeko», eta «Frantziako hizkuntzak altxor nazional bat» direla.

Era berean, Frantziako Presidenteari konstituzioko 2. artikuluaren erreformatzeko eskatu dio, Etxelekuren esanetan artikulu horrek «blokeatzen» baitu gobernua. Izan ere, Errepublikaren hizkuntza frantsesa da, artikuluaren arabera. Jeltzaleek adierazi dute herrialdeko hizkuntzak «argiki onartuak» izan beharko liratekeela artikulu horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.