Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren bozeramaileak jakinarazi duenez, EAJren "irizpide nagusia" ekonomia sustatzea da, eta uste du Bilduk ez duela hori egin. Horregatik, Bilduren gobernua "malgua ez bada" eta "ekonomia sustatzeko foru araua betetzen ez badu", aurrekontuaren kontra bozkatuko dute jeltzaleek. "Ez dugu onartuko aldundiak herritarrekin jolasten jarraitzea".
Olanorentzat, ekonomia sustatzeko foru arau hori "giltzarri" izango da Gipuzkoako aurrekontuaren negoziazioan: "Ez dugu onartuko aldez aurretik pentsatu gabeko neurririk eta ekonomia lehenesten ez duen aurrekonturik".
Bizkaian, hautsi egin da EAJk eta PPk egindako akordiorako oinarria. EAJk bertan behera utzi du PPrekin hitzartutakoa, popularrek Leioako Pinasolo kiroldegiaren proiektuaren gainean izandako jarrera "zitalagatik" —EAJko bi kide salatu dituzte—. Itxaso Atutxa EAJren BBBko buruak esan du alderdiak "koherente" jokatuko duela.
Bien bitartean, Mikel Torres Bizkaiko PSEren idazkari nagusiak iragarri du Bizkairako aurrekontu "duinak" lortu dituela diputazioarekin egindako negoziazioetan. Torresen arabera, akordio horrek bailara mailan enplegua sortzeko, ekintzaileei babesteko eta gizarte politiketarako diru sailak jasotzen ditu.