"Oso kritiko azaldu behar dugu egoera honekin", adierazi du Bildarratzek. PP "gupidarik gabe" aritu dela salatu du, jarrera erabat itxia duela, eta "entzuteko gogorik ere" ez duela. Sabin Etxean egin duten agerraldian gogor salatu dute PPren eta Rajoyren gobernuaren jarrera Estebanek eta Bildarratzek, eta EAJ haien politikaren "aurrean" aritu dela ziurtatu dute: "Badirudi Espainiako Gobernuaren eta EAJren artean gerturatze bat egon dela. Hori ez da horrela. Kontrakoa gertatu da".
Espainiako Gobernuak onartutako legeek autogobernua eta askatasunak zapaldu dituela uste dute, eta, beraz, horien aurka azaldu direla ordezkari jeltzaleak. Izan ere, "PPk ez du negoziatu nahi izan". Hala ere, azken hiru hilabeteetan, zenbait negoziazio egin, eta gai batzuetan adostasun txikiak lortu dituztela azaldu dute.
"Espainiako Gobernuak gure herria ez du batere zaindu". Horixe da EAJk "sentitu" duena. Horren erakusgarri du gobernuak egingo dituen inbertsioetatik Araba, Bizkai eta Gipuzkoara %0,4 soilik bideratuko duela esan izana. AHT egikaritzeko egutegirik zehaztu ez izanak ere bereziki minduta du EAJ.
"Kezkagarria" iruditzen zaion beste arlo bat, PPren gobernuak bakegintzaren inguruan duen jarrera da. "Bi urte dira ETAk armak betiko utzi zituela eta gobernuak ez du ezer egin", salatu du Bildarratzek. "Politika bera jarraitzen du 2011ko urriaren aurretik eta orain. Ez dugu ulertzen".
Gobernua, "paralisia" jota
Egungo egoera "askoz hobea" den arren, bakegintza "kudeatu" egin behar dela ohartarazi du, eta gobernuaren "paralisiak" ez duela batere laguntzen "etorkizuneko elkarbizitza". EPPK-k aurreko larunbatean plazaratutako agiria baloratu ere egin ez izana aurpegiratu dio Rajoyri. "Ez al da aldaketa? Ez al da aurrerapausoa, txikiegia iruditu arren?".
EPPK-ren Bitartekariek biharko iragarri duten agerraldiaren inguruan, juridikoki ezin dela debekatu ohartarazi du EAJk, eta aldez aurretik terrorismoa goratu daitekeela esatea "gehiegi" dela adierazi du. Hori bai, bertan parte hartuko dutenei "zuhurtziaz" aritzeko eskatu die, eta "mingarriak" izan daitezkeen adierazpenak saihesteko.
Bestalde, bakegintzari buruz aritzeko Iñigo Urkullurekin bildu dadila eskatu dio Rajoyri; bilera egiteko, entzuteko, eta proposamenei erantzuteko, "pribatuan bada ere".