politika

EAk adierazi du ildo kritikoak joko arauak ez dituela errespetatu

"Ildo kritikoak zikin jokatu eta errealitatea manipulatu du haien banatzeko erabakia justifikatzeko", Koldo Amezketaren arabera.

2009ko ekainaren 3a
19:09
Entzun
"Ildo kritikoak EAtik banatzea aspalditik erabaki zuen, azken aste hauetan azpijokoan ibili dira polo subiranistaren kontzeptua manipulatuz eta EAren sorrerako oinarriak zalantzan jarriz", adierazi du Koldo Amezketa EAko presidenteordeak EAko zuzendaritza nazionalak gaur Donostian egin duen bileran. EAk adierazi du ildo kritikoak alderdiaren joko arauak ez dituela errespetatu. "Ildo kritikoak zikin jokatu eta errealitatea manipulatu du haien banatzeko erabakia justifikatzeko".

Kritikoek EAtik banatzeko herenegun hartu zuten erabakiaren ondorengo batzarretan ez dutela efekturik nabaritu adierazi du EAko presidenteordeak: "Normaltasunak nagusi izan behar du banaketa ahal bezain hobekien igarotzeko". EAk argi utzi nahi izan du kargu publikoak beraienak direla, eta EAJrialderdi aldaketaren inguruko akordioak betetzeko galdatu dio.

EA alderdiaren banaketa deitoratu du Amezketak baina era berean, "horrek jarrera politikoen argitzea" dakarrela adierazi du.

Izan ere, herenegun gauean Eusko Alkartasunako bi ildoen arteko krisia agerian geratu zen eta ondorioz, kritikoek alderdia uztea erabaki zuten.

Gipuzkoako EAko zuzendaritzako hamabost lagunek sinatu dute oharra; besteak beste, Iñaki Galdos presidente eta herrialdeko Foru Aldundiko ahaldun nagusiaren albokoak (Kirola eta Kanpo Ekintzarako diputatua ere bada), Pello Gonzalez Ogasun eta Finantza diputatuak, Joxan Rekondo Batzar Nagusietako EAko bozeramaileak eta Jon Urien Zarauzko alkateak. Ez dituzte euren kargu publikoak utziko.

Alderdi politikoa sortuko dutela ere iragarri dute, 'Alkarbide' izenekoa. Asmoa, urtearen bukaerarako eratzea. Alderdia "abertzalea, demokratikoa eta sozialdemokrata" izango da, haien arabera.

Hortaz, EAk ekainaren 20an eta 21ean Gasteizen zuzendaritza, estatutuak eta ildoa hautatzeko egingo duen kongresuaren aurretik utzi dute alderdia, baita igandeko honetako Europako Parlamenturako hauteskundeen aurretik ere.

Gipuzkoako EAk osatzen du, batik bat, ildo kritiko hori, eta alderdi barruan %35 inguru osatu izan dute, batzar nazionaletan ikusi izan den bezala. Galdos eta Gonzalezez gain, beste bi diputatu dituzte Gipuzkoako Aldundian: Maite Etxaniz (Gizarte Politikak) eta Jose Ramon Guridi (Berrikuntza).

EAk azkenaldian "mugimendu subiranista demokratikoa" bultzatzearen beharraz hitz egin du, pausoak ere eman ditu, eta ildo kritikoak gogor kritikatu du. "Abertzaletasun historiko eta instituzionalaren alde" azaldu izan dira, eta EAJrekin koalizio "egonkorra" lortzea sustatu dute beti.

EA polo subiranistaren bidean sartu izanak "gainbehera" ekarri duela iritzi diote Galdosek-eta, eta martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak gogoratzen dituzte porrotaren adibide gisa: parlamentari bakarra. EAren sorrerako oinarrietatik “aldendu” izana leporatzen diote zuzendaritza nazionalari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.