konponbideari begira

EAk, Alternatibak, Aralarrek eta ezker abertzaleak salatu dute Legebiltzarreko bakerako proposamena "baztertzailea" dela

Lau alderdiek uste dute "oso larria" dela "bazterketaren aldeko jarrera mantentzen eta babesten duten alderdien jokaera". Ikusten dute beharrezkoa dela elkarrizketa barneratzailea eta Euskal Herriko lurralde guztiak kontuan hartuko dituena. Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak nabarmendu du batzorde txostengileko testuan "bazterketarik gabeko taldea" osatuko dela jasotzen ez bada Aralarrek horren aurka bozkatu beharko duela.

2012ko martxoaren 23a
15:55
Entzun

Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek eta ezker abertzaleak uste dute Eusko Legebiltzarrean lantzen ari den bakerako proposamena "baztertzailea" dela, eta adierazi dute Madrilen adosturiko eskema ezin dela errepikatu, "eragingarria eta baliagarria izango den lantalde bat osatu" nahi bada.

"Proposamena baztertzailea bada, izango da esparru politiko eta sozial baten bazterketan oinarritzen delako eta ez duelako kontuan hartzen gizartearen ordezkaritza politiko erreala. Haren kontrako jarrera adierazten dugu, oso larria deritzogulako egoera honetan bazterketaren aldeko jarrera mantentzen eta babesten duten alderdien jokaera", adierazi dute lau alderdiek gaur goizean egindako agerraldian.

Haien lehentasunezko erronka "gatazkaren erabateko konponbidea" dela berretsi dute, Euskal Herrira "behin betiko bakea eta demokrazian oinarritutako normalizazioa" ekarriko duena. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute elkarrizketa.

"Argia da elkarrizketaren xedea: egungo ukazio eta gatazka egoeratik gatazkaren konponbidera eramango gaituen demokrazia osoko egoera batera igarotzea", gaineratu dute. 

Elkarrizketak "barneratzailea" izan behar du, haien arabera; "eragile guztiak" bilduko dituena, "aukera berdintasunean". "Elkarrizketak guztion artekoa eta mugarik gabekoa behar du izan", esan dute.

Horrekin batera, Euskal Herriko lurralde guztiak kontuan izan behar direla nabarmendu dute, eta erakundeetatik haratago bestelako eragileek ere parte hartu beharko luketela uste dute.

Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak nabarmendu du batzorde txostengileko testuan "bazterketarik gabeko taldea" osatuko dela jasotzen ez bada Aralarrek batzorde txostengilearen aurkako botoa eman beharko duela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.